Nafarroako errege Antonio Borboikoaren belauneko Juan Karlosen abenturak eta kalenturak direla eta, asteon salatu du David Trueba zinema zuzendari eta idazleak Madrileko egunkari ezagun batean, nola El Gran Wyomingekin nahaste telebistan zuen saioan, Quim Monzo kataluniar idazlea zuten gonbidatua, TVEn inoiz egon gabea. Emanaldia baino lehenxeago, deia zuzendaritzatik. Batzarra. Ezin zutela Monzo atera. Aldatzeko. Arrazoia? Epelak esana zela Errege Etxearen kontra. Ezetz Truebak eta Wyomingek. Gau hartan, saioaren ordez, Tenerifeko inauteria eman zuten zuzenean. Luzaroan egon ziren betatuak biak ala biak. Bitartean, Errege Zaharraren maitaleari programa jarri zioten La 2en.
Egongo da dioenik gurean ez dela halakorik egundo gertatu. Erregerik ezean, zail inori betoa ezartzea harengatik gaizki-esaka jardutearren. Baina diot, beste batzuk izanik gurean errege, gonbidaturen bat goikoei deserosoa iruditu eta izango zela hamaika dei, hamabi batzar eta hamahiru beto (ez ahal zen gertatuko gure Tenerife propioekin konexioa egin diguten aldiro!). Eta bestalde, egun ere nor non dabilen ikusita, izango zela presiorik holako edo halako sartzeko nahitaez saio batean gonbidatu ez bada iritzi-emaile.
42 urte beteko dira laster ETB hasi zela. 42 urte mando, egunez egun, saioz saio, boterearen iritzia kolektiboarena bihurtzeko ahaleginean. Aski denbora, Truebak bezala, norbaitek kontatzeko nola funtzionatu duen makinak gurean, zer irizpiderekin egin diren zerrenda beltzak eta presio zuriak, nor egon den agindu pribatuak ematen publikoa behar lukeen erakundean.
Askotasunaz ahoa betetzen zaigun honetan, askatasunaz ere mintzatu beharko garelako egunen batean.