BERRIAk oporrak emango dizkigu datorren hilabetean, baina ni jada itzuli naiz nire oporretatik, abuztuan tesia amaitzen zentratzeko. Azken informazio hori bezala, segur aski, interesatzen ez zaizkizuen halako datuak eman dizkizuet —nireak eta nire ingurukoenak— azken lau hilabeteetan, nahiz eta asmoa izan den beti anekdoten aitzakian gai «sakonagoei» buruz hitz egitea. Bi mila karakteretan astero zure gogoetak uztea baino gehiago baita hau. Oihana Aranak duela hilabete orri hauetan bertan zioen testuaren atzean gorputza zegoela, eta beraz, finean, gorputza jartzen ari ginela, nolabait.
Nik nire ingurukoei esana diet oraingoz berdin zaidala nire «gorputza erretzea». Suaren kontrako azala daukat, itxuraz. Baina ez da egia. Egozentrismo puntu horren atzean suhiltzaile ejerzito oso bat daukat txinparta nigana gerturatzen denean su-itzalgailuak aktibatzeko prest. Horregatik ausartzen naiz gai batzuen inguruan iritzia ematen. Are, horregatik ausartzen naiz astero orriotan nire arrastoa uzten, nahiz badakidan astero ez direla harribitxiak argitaratzen eta torlojuak egitetik gertuago nagoela, Maialen Akizuk esango zukeen moduan. Ez naiz erretzen, eta mediokritatearen uretan lasai nabil igerian.
Beste datu random bat emango dizuet. Printzipioz interesatzen ez zaizuena, baina egiaz egunkari honetako irakurle moduan eragiten dizuena: irailean itzuliko naiz, gara. Eta hori inguruko lagun eta zutabegile eta iritzi-emaile emakume eta disidenteei esker ere bada —Irati Zubia, Oli Artola, Jone Bastida, M, beste M, S, A, D, Z...—, astero animatu, iritzia eman eta kritika eta eztabaidarako lekua egiteagatik. Opor on, beraz, kartutxera kargatzeko aprobetxatuko dut abuztua. Lorez eta labanez, datozen tiroak norantz bota pentsatu bitartean.