Iñigo Aranbarri.

Errausketa-labea

2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Valentziako uholdeen harira, Rafael Chirbesen nobela bat izateko behar genuen datua albistegiek: desagertuen artean, hiru enpresari handi daude. Mercadona supermerkatu-kateari lotuak hirurak eta Juan Roig nagusiaren beraren adiskideak. Ez dago azeria izan beharrik. Ehunka izanik desagertuak eta hilak, hiru enpresari handiren falta nabarmentzen bada berrietan, gainontzekoak ez dira ez enpresari, ez handi. Mercadona, berriz, Monterrosoren dinosauroa da. Hasierako irudietako bat izan zen: banaketa kamioi berde bateko bi langileren erreskatea ur lohi harroen artean. Norbaitek pixelatua zuen enpresaren izena. Bingo.

Alarma egoeran egonagatik, enpresari eta handi askok erabaki zuen, arrazoi komertzialak zirela medio, jarduera ez etetea eta, ondorioz, beharginak arriskuak jartzea. Hedabideetan, ordea, inork gutxik aipatu du Espainiako Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea urratu denik horrela eta, beraz, deliturik egin dutenik. Valentzia hiriko alkatea bai, begitaratu digute, Roigen konpainiari esker onak ematen hondamendian agertu duen borondateagatik.

Pentsamendu modernoak erakutsi digu plaga biblikoei faktore sozialak erantsi beharra dagoela hondamendiari benetako neurria hartzeko. Klima aldaketaren arrazoien sakoneran sartu gabe, kultura politiko sendotua utzi du agerian lokatzak: espekulazio inmobiliarioa ipar, hamarkadetan uraren bidean baimendu eta egindako etxebizitzak; meteorologia agentziaren alarmari muzin egitea erabaki zuten politikariak zeinek, esan barik doa, soldataren barnean duten ardura; enpresari handiak, erabaki zutenak...

Chirbesen mundu zirin hori bera, euria gogotik hasterako, hizketan ari zitzaiguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.