Zein baino zein ergelagoak. Bat, txinatarra; bestea, errusiarra. Batek, andregaiaren urtebetetzea zela eta, bere burua paketean sartu, lagun bati ondo biltzeko agindu, eta han bidali du bere burua opari sorpresa bihurtuta neskaren etxera. Denbora ondo kalkulatu ez, ordea, eta itotzear zela atera omen dute kaxatik. Besteak andregaiaren maitasuna neurtu nahi zuela-eta antolatu du hitzartutako tokian sekulako pelikula: neska iristerako, autoak txikituta, anbulantziak eta bera, senargai maitemindua, odola dariola. Inguratu da neska, eta medikuak albistea: ezin izan dugu salbatu.
Eta gu, denbora sobran bagenu bezala, munduan zehar ergelek ze ergelkeria egiten dituzten irakurtzen. Eta munduan ezer garrantzitsuagorik ez balego bezala, gainera, zutabe bat hitz hutsalez betetzen. Eta, gainera, ondorioak atera nahian. Ze, opari kaxan senargaia iritsi zitzaion neskak zer egin duen ez dakigu. Senargaia hila zela esan ziotenak, bai. Negar. Eta orduan zutitu omen zen senargai odoldua, eta dena itxurazkoa zela aitortu eta berarekin ezkontzeko eskatu omen zion. Eta neskak, malkotan, baietz.
Alferrik ari gara. Andregaiak zenbat maite duen neurtzeko agertokia prestatu beharra sentitzen duenak neurriko bikotea merezi du: baiezkoa esango diona, alegia.
Itxaropen bakarra txinatarrarengan geratzen zaigu. Pentsatu nahi dut senargaiari berpizteko adina arnasa hartzen utzi ondoren, arnasarik gabe utziko zuela atzera berriz paketatu eta oparia itzuli nahi zuela esandakoan. Eta ez errusiarrak bere bikotekidea baino gutxiago maite zuelako. Bere burua oparitu nahi eta opari-kaxa batean sartzen denak aukera gutxi uzten diolako imajinazioari. Bai, seguru. Ez zuen oparia onartuko.
Maitemindutakoan ergelkeriarako joera nabarmen hazten dela onartuta ere, munduan geratu behar du maitasuna eta ergelkeria ez direla gauza bera dakienik.
Larrepetit
Ergelkeriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu