Klase politikoak eredugarri izan behar duela, aski sinesmen zabaldua da Edmund Burke-ren garaitik.Eta teorian bederen, horretaz jabetuta daude erakunde publikoak ere. Ez da nahikoa jendarteari honek zer egin behar duen esatea, agintariek berek izan behar dute eredu eta lau haizetara zabaltzen dutenarekin koherente.
Bizi garen hierarkia aureo honetan, maite du txikiak handia huts egiten harrapatzea. Batzuetan, bizigarri zaio mendeku-irria.Etxealdia hausten nor harrapatuko, eta Jaurlaritzako Larrialdi zuzendaria, Castrora laketzera joana.Johnsonen gobernuan, osasun aholkulari amorostua izan da. Gehienetan, ordea, amorragarri da albistea, ez du umoreak tokirik. Egunotan azkena. Ahoa bete egoera ekonomikoaren larriaz eta funtzionarioen sakrifiziorakodeiez, eta egun berean %8,2 igotzea erabaki soldata goi karguei gobernuko alderdiek Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Eredu behar, baina mingarri gertatu. Eta hizkuntza, honetan ere, ez da jendartetik apartean bizi. Aste hauetan, hezkuntza langileok irakasle izateari utzi eta aztertzaile bihurtzen garen honetan, maiz etorri izan zaizkit ikasleak gogora. Helduak guztiak, zer pentsatuko ote duten politikari gehienak albistegietan entzuten dituztenean. Zein diren horiek, lanpostuei hizkuntza eskakizunak ezartzen dizkieten horiek, gero ez badira gauza besteri galdegiten diotena betetzeko. Lotsagarria bada darabilten euskara, tripili-trapala ari badira, gogoz kontra ezinean, edo zuzenean erdaraz, hilabetean gainontzekoek urte erdian beste irabazten duten horiek. Zabarkeria bada nagusi, disimulurik gabeko utzikeria, ze kakatzar da hau Franco hil eta ia mende erdira.
Eta ezinbestean, sinetsita nago, beste arlo askotan bezala, aspaldi utzi ziola klase politikoak inorentzat eredu izateari, zorionez beste batzuk direla ispiluak, beste batzuk egunerokoan lagun eta suspertzaileak.
LARREPETIT
Eredu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu