Galdera batzuen erantzunak ez dira sekula jakingo. Entziklopediak eta Interneteko informazio guztia alferrikakoak direnean. Ahotsik gabeko memoriek ezer gutxi balio dutenean.
Beraien aitonaren jaiotetxea ikustera etortzen ziren. Argentinatik Segurara. Nire aitonaren anaia zen beraien aitona, gaztea zenean Argentinara joan zena, lan bila, bizitza hobeago baten bila,gerra ondorengo garai ezegonkorretik ihesi.Han ezkondu zen, han izan zuen familia eta han hil zen, inoiz itzultzerik izan gabe.
Gaztea nintzen, gazteegia akaso, hainbeste enfasiarekin aitonaren jaiotetxeari ematen zioten garrantziaren zergatia ulertzeko, senitartekoak zirela esaten zuten ezezagunen hitz sentimentalaren esanahia ulertzeko. Nire aitonari ez nizkion askotan bere anaiari buruzko kontuak entzun, eta akaso horregatik izango zen, baina gogoratzen dut askotan neurriz gainekoa ere iruditzen zitzaidala egun gutxi batzuetan ezerezetik sortu nahi zuten gertutasun edo lotura hura. Nire aitonaren etxean (beraien aitonaren jaiotetxean) lo egiten zuten,Argentinako istorioak kontatuz pasatzen zituzten iluntzeak, zuhaitz genealogikoa errepasatzen genuen, bakoitzaren aurpegia zegokion laukitxoan jartzen genuen, eta horrela itzultzen ziren. Internet existitzen ez zen garaietan, bisitaldiaren osteko eskutitzpare batek eta Eguberrietako telefono deiak amaitzen zuen kapitulu hura.
Horrela azaldu ziren, hiruzpalau aldiz, jende ezberdina, aitonaren jaiotetxea ikustea helburu zela zioten bisitaldietan. Ez nion inoiz galdetu aitonari zer sentitu zuen beste batzuek bere anaiaren memoriak berpiztu zizkiotenean, baimenik eskatu gabeko agerraldietan, baimenik eskatu gabe iraganari buruzko gauzak kontatzeko esaten ziotenean. Ez niongaldetu nolakoan izan zen anaiak alde egin zuen eguna, edo zer sentitzen zuen beste inoiz ikusiko ez zuela konturatu zenean. Inork ez dizkit orain galdera horiek erantzungo.
Larrepetit
Erantzunik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu