Pertsonalki, uste dut ni ere poztuko nintzatekeela Iruñeko Erorien Monumentua airean zartatzen ikusiko banu. Hori gauza bat da, eta beste gauza bat, gainerako aukera guztiak, berez eta kategorikoki, txarrak direla baieztatzea. Are, nonbaiten irakurri dudan bezala, sinatu berri den akordioa faxismoari aurre ez egitea dela salatzea.
Iruñeko Erorien Monumentua ez da Auschwitz. Ez da kontzentrazio esparru bat, ez da kartzela bat, ez da epaitegi izandako eraikin bat. Ez da frankismoak bere praktikak garatzeko erabilitako espazio bat. Ez, faxistak —eta haien krimenak— omentzeko eraikitako monumentu bat da. Eta garrantzitsua da azalpena, zeren eta horri helduta ari dira hainbat lagun —eta literal diot lagun, kide eta adiskidetzat dauzkadalako asko— lehen kasuetan eraikinaren birmoldatzea posible litzatekeela defendatzen, baina bigarrenean ez. Alegia, erabili dezakezula kartzela bat han gertatu zena azaltzeko, baina omentze monumentu bat, ez. Eta nahiko nuke niretzako konbentzimendu bera, baina tamalez, ez dut.
Zeren eta halako eraikin bati esanahi berri bat ematerik ez dagoela esatea edozer egiten duzula ere eraikin horrek faxistak omentzen segituko duela esatea da. Bai? Sinbologia ezabatuta, kriptak eraitsita, kupula estalita, faxistak omentzen jarraitu? Bai? Maravillas Lamberto izeneko zentro batek?
Militante antifrankisten etxeak izan dira gutako askorenak. Duintasunez iritsi zaigu borroka horren transmisioa gurasoengandik. Baina, gaur egun, tamalez, belaunaldi horretakoak dira memoriaren mugimenduan dabiltzan hamar kidetik bederatzi. Eta, hortaz, zentzuzkoa da pentsatzea, eraikina eraisteko momentuko plazera pasatu eta gero, bizirik jarraituko duela han izan zenaren memoriak. Zer gertatzen da, ordea, gaur Iruñean jaioko den haur horrekin? Zerk bermatuko du hogei urte barru bere hiriaren historia ezagutzea? Agian eraisketak bai, baina interpretazio zentro bat eraikitzeak ere bai, dudarik ez.
Bai, esan dut, poztuko nintzatekeen monumentua eraitsi izan balitz, gustura egingo nukeen topa aitarekin. Baina, gaur-gaurkoz, badakigu horretarako aski adostasunik ez zegoela. Eta eraitsi ala ezer ez posizioan pasatzen dugun egun bakoitzeko, egun bat gehiago du eraikin horrek faxistak omentzeko.