Julio Soto.
LARREPETIT

Erabakiak

2015eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Parte hartzen ez duzun erabaki baten ondorioz munduratzen bazara ere, zure lehen existentzia urteetan zurekin zerikusia duten erabakietan parte hartzen ez baduzu ere, iristen da garai bat non erabakiak hartzen hasten zaren, hasi behar duzun; eta momentu horretatik aurrera etengabe erabakiak hartzera behartuko zaitu bizitzak, erabaki etengabe batean bihurtuko zaizu bizitza.

Erabaki txikiak eta erabakihandiak hartu beharko dituzu; askotan txikienek bizitzan egingo duzun bidean handiek baino askozgarrantzi handiagoa izango dutela jakin gabe.

Erabaki beharko duzu zein kirol egin nahi duzun astearte eta ostegunetan, zein instrumentu jo nahi duzun astelehen eta asteazkenetan eta zein kamiseta jantzi ostiral arratsaldeetan. Edo ez, akaso hori ere etxekoek erabakiko dute zure partez. Marrubizko ala mentazko txikleak, zientziak ala letrak, Coca-Cola ala Fanta.

Urteetan aurrera egin ahala erabakiak zaildu egiten dira, eta beste askotan zaildu egiten ditugu. Badago jende ausartagoa ez dakit, baina erabaki beharreko uneetan barru bultzada azkarrago bat duena, eta badago jende zalantzatiagoa. Gehienetan senak agintzen dizu aurrera ala atzera egin, baina batzuetan iristen ez den bihozkada baten zain egoten zara egunak eta egunak, txanpona airera bota eta berak zure partez erabakitzen bukatzeko. Nortasunaren, bizitza momentuaren, erabakiaren ustezko pisuaren eta hitzik ez duten sentsazioen baitan hartzen diren erabakiak.

Erabaki guztiek uzten dizute orbain txiki bat azalean, markatxo bat; horregatik zimurtzen zaizu azala urteekin, erabakitzearen erabakitzez.

Ez dakit erabaki onik eta erabaki txarrik dagoen, baina bai erabaki bat hartzen duzun aldiro zerbait irabazten duzula beste zerbait galtzeko, edo zerbait galtzen duzula beste zerbait irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.