Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Epailea eta hostopila

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Epaile bat, gorputzez guri, hain ondo-bizia itxuraz non txerrapotua erakutsi zaigun, irrigarri. Hitzek asko diote laguntzen karikaturari: «epidemiologoak familia-medikuak dira, ikastaroren bat eginda edukitzea». Eta dena lehertu da. Epaileak gutxietsitakoak, sutan. Ikusleak, taberna irekien pozean, karkail batean. Eta hara, bat-batean, Georg Grosz-en koadro bat ustekabean, otsail goibela izpi bat alaitzeko.

Ez dira haserretu, ordea, gaitzen ikerlariak soilik. Jaurlaritzak berak ere ezin izan dio eutsi. Ez hainbeste Garrido juezak epidemiologoen gainean botatakoagatik, ezpada hurrengo egunean Auzitegi Nagusian ostatuez hartutako erabakiagatik. Ez da posible medikuntzaz arrastorik ez duen epaile batek ordura arteko lan guztia botatzea komunzulora. Lagun zaharra da, gainera, Garrido. Aurrez zeukaten begitan gobernuko alderdiek Jaurlaritzak hartutako beste neurri batzuen kontra agertzeagatik. Eta azen ontzeko, Vox txaloka.

Ikuskizuna berebizikoa egin zait, xelebrea zeharo. Ez dakit inoiz ikusia naizen botere betearazlekoak horrela jaup egiten epaile bati. Erabat ohiz bestekoa gobernuari eusten dion prentsa publikoa zein pribatua horrela oldartzea auzitegiaren erabaki baten kontra, eta nola, inoiz gutxitan bezala karikaturizatua. Jendarteak ulertu ez dituen beste hamaika kasu etorri zait gogora, ETAren aitzakian egindako sarekada pelagikoak, egunkarien itxierak, tortura kasu ezikusiak, etxegabetzeak, hamaika bidegabekeria eta bi, izar mediatiko bihurturiko epaileek sinatuak guztiak, Gasteizko exekutiboak hainbesteko espanturik gabe onartu dituenak. Arian-arian, formula ikasteraino denok: «epaileen ebazpenari zor diogun errespetutik...». Erabaki haiek ez zuten, bistan da, Jaurlaritzapeko herritarrik kaltetu.

Geruzarik geruza ondo osatutako hostopila gara. George Groszek bere marrazki zakarrekin salatzen zuen hori bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.