Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Entzierrorako instrukzioak

2013ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Argi utzi behar zaie ez dutela galbiderik. Bidea inoiz egin gabeak badira ere bakarra dela, beraz, begiak itxita ere erraz egiteko modukoa. Hala ere, inseguru sentitzen direnei esan beharko zaie elkarrekin joan litezkeela eta atzendu ezkero bide-lagun izango dutela joalduna. Instrukzioen artean bat garrantzitsua: etxafuegoa izango dela seinalea. Etxafuegoarekin batera irekiko dietela atea eta libre utziko dituztela plazara bitartekoa nahi bezain azkar egiteko. Gaizki ulerturik izan ez dezaten, eta dena behar bezala joan dadin, komenigarria parean eta ezker-eskuin azalduko zaizkien izaki zelebre horiena ere kontatzea. Zain edukiko dituztela esplikatzea. Eta asko direla. Ez bakarra. Atea ireki berritan munstro zuri-gorri handia irudituko zaien hori munstro txiki asko direla. Eta haien artetik egin beharko dutela korri, ez baleude bezala, baina ikusezinak balira bezala ere ez. Beharbada gehiago kostatuko zaie hori ulertzea. Alegia, izaki txiki horiek mindu egingo liratekeela batere kasorik egin ezean eta horregatik komeni dela tarteka adarrak ezker-eskuin mugitzea eta mugimendu bakarrez hil ditzaketela adieraztea. Hil gabe, ahal bada. Orduan benetan mintzen direlako. Erremediorik gabe. Zanpaketez ere bi hitz egitea sobran ez: bidean topatzen dituztenekin entretenitu beharrean haien gainetik salto eginez azkarrago iritsiko direla gogoraraziz, adibidez. Odol berokoei nik esango nieke bi hankakoak ez daudela hor bidea oztopatzeko. Igual, ilusioarena ere bai. Ilusioa egiten diela itsu-itsuan korri egiteak, sinetsita daudelako eurek tirata iristen direla plazara, euren gidaritzari esker, euren ausardiari esker.

Ulertzeko gai direnei argi hitz eginez ez luke arazorik behar entzierroak aurten ere izaki zelebreen gozagarri izateko.

A, eta sinfalta esan beharrekoa, itxura oneko etortzeko. Kamarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.