Larrepetit

Entropia

2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Geobiologiak dio zerbaiten aurka egiten dugunean zer hori indartzen dugula. Gure kultura politikoak guztiz aurkakoa dio, etsaiari aurre eginda, erresistentzia eta konfrontazioaren bidez egiten dugula aurrera. Prisma horretatik aztertu dugu gure herriaren historia, erresistentzia heroiko baten narrazioa. Baina ideia batzuek segituan liluratu eta apurka indarra galtzen duten modura, beste batzuek konturatu barik loratzen zaizkigu barruan, gure parte bihurtu arte.

Lehen abisua orain urte batzuk hezkuntza ereduen inguruan piztu zen debateak eman zidan. Urtez urte euskarazko ereduetara lerratzen zebilen matrikulazioa, eta ez zen eredu arrotzen aldeko diskurtsorik ageri. Orduan, prozesu soziala legeen bidez arindu gura izan genuen, guraso erdaltzaleen diskurtsoak protagonismoa hartu zuen hedabideetan eta ereduaren desagertze prozesua moteldu zen. Bigarren abisua Frantzia eta Espainiak gure nazioa asimilatzeko garatu dituzten estrategien konparazioak eman zidan. Espainiarren politika oldarkorrak izugarri indartu gaitu, gure izatearen kontzientzia trinkotu eta gure aurka egin duten injustizia bakoitza belaunaldi oso baten borrokarako argudio bihurtu da. Frantziak, ostera, berearen alde egin du gurearen aurka baino. Parisko politikak Madrilgoak baino askoz ondorio lazgarriagoak izan ditu estrukturalki, baina euskaldunen gehiengoak ez du sentitu bere nortasun eta kultura eraso dituztenik.

Palestinar bati entzun nion euren borroka zela Israel kohesionatzen duen indar nagusia. Eta presioa jaitsiko zutela, juduen arteko kontraesanak indartu eta sistema guztien desagerpena sortzen duten entropia indarrak azal zitezen. Ez da eragile bakarra, baina gure estrategia aldaketaren barnean kokatzen dut nik 15-M indar entropikoaren agerpena.

Gurearen alde egiteko sasoia da. Espainiarrei urduritu eta batu daitezen arrazoi bakar bat ere eman gabe, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.