Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Enperadorearen jantzi berria

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bada Hans Christian Andersenen ipuinen artean bat ezin hobeto datorkiguna gure arteko gertaera batzuk zein munduko eta zein betiko diren erakusteko. Enperadorearen jantzi berria 1837ko bilduma batean agertu zen, baina ez du, horregatik, gaurkotasun izpirik galdu. Bertsioak bertsio, Indiatik Espainiara zegoen zabaldua kontakizuna Andersenek batzerako, Turkiatik Sri Lankara. Izan ere, ez da unibertsala botereak bere burua babesteko kontu hau?

Oraingoan gertatu da, enperadorea pozik ez Anderesenenekin-eta, ipuinari beste amaiera bat eman nahi izan diola. Zalditik jaitsi da, eta denen aurrean esan dio, jende handiak soilik dakien moduan: nor zara zu ni manupekoen aurrean horren lotsagarri uzteko? Eta hala zigortu, nola eta lanik gabe utzita, ume hori, zeinaren izena, gure bertsioan, ezagutarazi egin zaigun behingoz: Marta Macho, anestesista Deba Goieneko ospitalean.

Nahi izan du halabeharrak, edo presio sindikalak, edo ikuskizunaren lotsagarrikeriak, aho adina bertsio ditu ipuinak hemen, kontakizunak bigarren amaiera bat izatea. Etahala eman zaigu beste bat, zoriontsuagoa momentuz eta itxura batera, urteetako jardun dongea salatzen ausartu duen umearentzat. Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan.

Gertaeratik harago, Andersenek kontatu gabe kontatu nahi izan zigun guztia dugu hemen ere nagusi. Alegia, begi bistakoa izanagatik enperadorea biluzik doala, jantzita doala esateraino gogortzen duela jendea larderiak. Eta bi, ez ahazteko enperadoreak beti eutsiko diola bereari, Osakidetzako zuzendaritzak orain urtebete egin zuen bezalaxe, adierazi zuenean ez zela irregulartasunik izan Lan Eskaintza Publikoko probetan, ez zuela inork aurrez jakin azterketan zer galdetuko zen, umearen asmakizuna zela dena.

Gure neurrirako egindako ipuina dirudi: minak lokartu eta kontzientziak lozorrotik iratzartzen dituen ume bati esker guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.