Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Enpatia

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko legebiltzarrean gogorarazi zaie presoen «ongi etorriak» antolatzen dituztenei. Alderdi juridikotik edo errepresibotik baino, alderdi etikotik heldu behar zaiola gaiari, sen ona omen da giltza. Besteari min eman bazaio, mindua ikusi beharra dagoela presoaren askatasunak emandako pozaren gainetik, zer gizarte den bestela gurea.

Bestea. Izan ere, zer gara bestea gabe. Bereak eta asto beltzarenak entzun behar izan ditu Puigdemontek otu zaionean botatzea Euskal Herrian, 829 hildakorekin, ez zela 155.a inoiz aplikatu. Alde dituenek erantzun diote gogorren. Nola litekeen halakorik esatea hemen gertatu direnak gertatuta, Espainiako gobernua terrorismoan inplikatua egon denean, milaka lagun zanpatu dituenean estatuak berak, errugabeak asko. Azken batean, zertan dabilen norbera ondo azaltzeko inork pairaturikoa narrazio ofizialaren alfonbrapean gordetzen.

Iñigo Urkulluri heldu zaion zaparradaren parekoa, Bizkaiko metalgintzako grebaren harira adierazi duenean (non ere inportantea da, Forum Europan) badakiela jakin patronalak ahalegin guztiak eta bi egin dituela egoera honetara ez heltzeko eta, eskaerak bidezkoak izanagatik, sindikatuak direla akordioa nahi izan ez dutenak. Esan badu esan du, ez dira haren izenaz ahaztu ondorengo egunetako manifestazioetan. Batzuk bapo bizi diren artean zortzi urte daramatzatela besteek lan hitzarmenik gabe. Hain itsu al dagoen hori ez ikusteko, ez lezakeela lehendakariak goikoa are gehiago goratu eta zapaldua gehiago zapaldu.

Etxera, seme-alaben batzarretatik bueltan. Ohi legez, talde-lanaren muntaz hitz egin zaigu, kooperazioaren onurez. Eta bide batez, euren artean jazarpenik gerta ez dadin, zein garrantzitsua den haurrak nerabeak gazteak, ikaskidearen tokian jarrita, haren mina ulertzea, norberaren baitatik atera eta bestearekin enpatiaz jokatzea.

Politikaz ez dakit hitzik egin den, berandu heldu naiz gaur ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.