Asteartean 43 urte bete ziren Gabriel Aresti hil zela. Zendu baino urtebete lehenago, azken boladan etxetzat zuen inguruari buruz idatzi zuen honako hau: «Busturi-alde hau enada da eta Ea eta Elantxobe haren begiak». Artikulu honekin izenburua partekatzen duen poemaren barnean. 60ko hamarraldian erregimen frankista planifikatzen hasi zen zentral nuklearren eraikuntzaren harira idatzi zuen poetak testua. Guztira, Espainiar Estatu osoan 41 martxan jartzeko asmoa agertu zuen erregimenak. Horien artean lau Euskal Herrian: Tuterakoa, Debakoa, Ispasterrekoa eta eraiki arren sekula zabaldu ez zen Lemoizeko zentrala. Poemarekin garaikide, 1974an agertu ziren herriaren lehen gaitzespen erreakzioak, arrantzale kofradien eta auzo elkarteen eskutik. Handik bi urtera sortu zuten Euskal Kostalde Ez Nuklearra Defendatzeko Batzordea, José Allende buru. Aurten, jada gure historiaren parte diren garai hartako ehunka dokumentu laga dizkiote Allendek eta batzordeak Eari. Herriak esker onez jaso ditu ondasunok, eta Enaden begiak izendatu duten fundazioa osatuz erantzun. Joan den asteburuan aurkeztu dute ekimena bi eguneko egitarau betearekin. Data ez da ausazkoa izan, igandean 39 urte bete direlako Gladys del Estal aktibista guardia zibil batek erail zuela Tuteran.
Jardunaldi ekologistak izan dira, zentral nuklearren mehatxu hartatik hausnartzen hasita, egungo alternatiba diren energia berriztagarrien inguruan mintzatu arte. Iragana eta oraina ildo beretik doazen borrokek lotu dituzte. Horren erakusgarri izan da, baita ere, Zentral Nuklearrik Ez muralaren berregokitzapena Eako kultur etxearen horman. 80ko hamarkadan Zumeta, Arrastalu eta Amestoi margolariek Bilbon irudikatu zuten artelan erraldoi horren bertsio etxekotua. Errebindikazioaz gain, ospakizun kutsua izan dute jardunaldiek, Oihana Bartrak eta Jon Maiak jarrita bertso doinua. Aresti eta margolariak gomutan izanda, Maiari ostuko dizkiot azken berbak: «Gure herriko errelatoa artean geratuko da».
LARREPETIT
Enaden begiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu