Ander Perez Argote
LARREPETIT

Elurraren forma

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Konbertsazio faltagatik edo, elkarri «kristorena omen dator» esaten eman genuen pasa den asteburua, zerura seinalatuz. Elurte ikaragarria irudikatu genuen etxepean, eta amestu genuen etxetik ezin atera gelditzearekin —eskolara joan ezinik gelditzearekin amesten genuen ume garaietan bezala—, elkarri argazki eta bideotan partekatuz denok leihotik ikusten dugun hori bera. Azkenerako, urte sasoi honetarako normala beharko lukeen elurte arrunt samar batekin gelditu gara, ez gehiago.

Ez naiz oraingo neguak ez direla lehengoak bezalakoak esaten hasiko, ez baitakit. Hobe litzateke elur zentimetroak neurtzen ditugun bezala neurtuko bagenitu espektatibak. Zeren eta, dena aurreikusgarri den honetan, dena egundoko izatea ere nahi dugu, sekula ez ikusia. Normaltasunean bizitzea aski ez bagenu bezala.

Are gehiago denontzat direnean parrandarik onenak aurreikusi gabekoak, sorpresarik politenak paketearen forman antzeman ezin diren opari horiek, ustekabeko enkontruak eta espero gabeko deiak. Edo, imajinatu dezagun, iragarpenik batere gabe, leihoa ireki eta parez pare topatzen dugun elurte ikaragarria.

2008ko abenduaren 1ekoa bezalakoa, adibidez. Bilbora abiatu ginen lagun min bat eta biok, han ikasle genbiltzan. Eguraldiaren iragarpenik entzun ote genuen ez dakit, edo ez dut gogoratzen. Altuben gora, geroz eta zuriago joan ziren bilakatzen errepideko bazterrak. Denbora gutxira, ez aurrera ez atzera gelditu ginen, autoz inguratuta, eta elurra mara-mara. Kalefakzioa piztuta generaman aurretik, irratia orduan piztu genuen. Oraindik gogoratzen dut aurkezlearen ahotsa: «Mikel Laboa hil da». Eta jarraian kantu bat bestearen atzetik, eta elurra atergabe, bizitzak Ford Focusaren barnealde horretarako gorde balu bezala une hori.

Dorre bikiena izan ez balitz, agian, «zertan ari zinen zu Mikel Laboa hil zenean?» galdetuko genuke hemen. Nik gordea dut erantzuna. Eta aurreikusi gabeko elurraren forma du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.