Onintza Enbeita
LARREPETIT

Elur jendea

2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badago espero ez duzunean epeltasuna ematen duen jendea. Udaberriko lehen eguzkia eskertzen duzun bezala eskertzen duzu zure bizitzan agertu izana, baina halako batean, abuztuko beroaren itolarria sentitzen hasten zara. Ihes egin nahiko zeniokeen jendea da, baina kosta egiten da. Bizitzeko beharrezkoak dituzula sinetsarazten dizute, eta hortxe estutzen zaituzte izerdi patsetan urtu arte, edo batek daki nondik ateratako indarrarekin haizea hartzera bidaltzen dituzun arte.

Eta haizea bezalako jendea ere badago: zorrotza, fina. Nahita ere, harrapatu ezingo genukeen jendea da. Gaur mendebaldetik etortzen dira, bihar iparraldetik, gaur epel, bihar indartsu, etzi fresko, eta gelditu egingo direla pentsatzen dugunean, joan egiten dira. Baina badaukate zerbait haizea bezalakoak diren pertsonek: beti etortzen dira behar duzunean, eta behar duzun moduan. Aurrera egiteko indarra behar duzunean, putz egiten dizute atzetik, eta azeleratuegi zoazenean, aurrean jartzen zaizkizu esku bat paparrean eta irribarrea ezpainetan.

Euria bezalako jendea ere bada. Etorri direla beti erakutsi behar dutenak. Joango zara haiengana aterkiarekin, anorakarekin, gomazko botekin, baina beti itzuliko zara etxera bustita, nekatuta, akituta. Euri jendeak euriak bezala hitz egiten die besteei: goitik behera begira. Eta inoiz ez dute hitz egiten behar duzun moduan: lasaitasuna behar baduzu, zaparrada betean hasten dira, eta gerra behar baduzu, ganora gabeko lanbroaren antza hartzen dute. Kontua da beraiek izatea beti egoera bustitzen dutenak.

Baina bada elur jendea ere. Dotorea. Zaratarik atera gabe iristen dira, eta inor konturatzerako, ingurua edertzen dute. Norbera baino goragotik etorrita ere, badakite lurrean arrastoa uzten. Urtu eta joan egiten da elur-jendea, zaratarik atera gabe. Eta doazenean, konturatzen zara, elurrak lurrari bezala, gaitz guztiak eraman dizkizutela hara nonbaitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.