Ander Perez Argote

Elon eta gu

2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Uda honetan jakin duzu Starlink izena daramala Elon Muskek espaziora jaurtitako satelite multzoak. Musk nor den orain dela pare bat urte-edo jakingo zenuen, Twitter erosi zuela jakin zenuen momentu bertsuan. Eta hala, jakiten zoaz jakin gabe ere ederki biziko zinatekeen gauzak, eta ezagutzen ezagutu nahiko ez zenituzkeen pertsona ankerrak.

Kontua da uda honetan izan duzula Elon Musken satelite ilararen berri, berez izar uxoak ikusteko gaua zenaren erdian trena ikusi duela esaten esnatu delako adiskidea, Esloveniako erreka bazter batean. Eta hala, bizikleta gainean bidaiatzeak buruari buelta asko emateko balio duenez, pentsamendu bat beste batekin kateatzen hasi zara, pentsatzen bukatzeko ea norengandik zauden gertuago zu, munduan diru gehien duenarengandik —aka, Elon Musk—, edo, kontrara, gutxien duenarengandik.

Eta ez da galdera erraza, ustez hala badirudi ere. Zeren eta baliteke, aberastasun maila batetik gora, kapritxoak (eta zorakeriak) besterik ez bereiztea milioiduna eta soldata duin samar bat duen langile pobrea, eta beraz, gertuago egotea Muskengandik munduko pobreenetik baino, egunero esnatu eta behar oinarrizkoenak aseta sentitzeari dagokionez.

Baina horrek ez du esan nahi, materialki, amildegi batek —eta kontu korronteko hamarnaka zero batzuek— ez gaituztenik bereizten Elon Musk eta gu, eta hortaz, zapaldu eta zapaltzaileen arteko marran, alde banatan kokatzen ez garenik egunero gure lan indarra beste batzuei saltzen diogunak eta aberaskilo zoroak.

Gero irakurtzen duzu CISen arabera immigrazioa Espainiako Estatuko herritarren lehen kezka dela, eta ikusten duzu ezetz, zapalduenekin berdindu ordez besteekin berdindu nahi gaituztela, eta mamu-etsaiak eraiki. Gure arazo gehienak askoz urrutiago, espazioan bezain urruti bueltaka dabiltzanen ardura ez balira bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.