Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Elkartzea

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lagun bi Cusco iparraldeko auzo batean, karrika estu artean oinez, eguerdi irian. Hemendik behar du. Azken etxeen atzealdean, hara bidezidor bat. Saqsaywamaneko hiri zaharraren aurrien bila dabiltza; inken gotorlekurik ederrena, adituek esatera. Disimuloan nahi, baina nabarmen izan. Halako batean, teilatu gain batetik, eupada. Hiru gizon eguzkitan, etxeari teilak berritzen. Gonbitea berehala. Edabe lodia da, pintura pote hustu batetik antosinean atera dutena. Eskurik esku dabil chicha, irribarre adeitsuak. Gustatu? Ea nora doazen. Saqsaywamanera. Harpajole dabiltza: «zer, Pizarrok zutik zer utzi zuen ikustera?».

Teilatu gainetik ari baziren ere, hierarkiarik gabeko ateraldi zorrotza begitandu zitzaidan igeltseroena. Lagun giroan, arto hartzituz egindako edaria zubi, inor beste inoren arduren jabe bihurtu gaberik, ezpainak loratuz baino hartzerik ez zegoen zirtoa, historia klase winzipeatu eta guzti.

Nola ez dakidala, ordukoa berritu zait asteon. Osakidetzako oposizioetan egin iruzurra ikertzen ari den batzordean, Belen Greaves burua Sergio Vasquez kardiologoa itauntzen ari da. «Zu peruarra zara, ezta?». Baietz, medikuak. «Zu hemen galoiak dituen inmigrantea zara, ikastera etorri eta bertan geratu dena». Ez dabil chicharik eskurik esku, eta barre Greavesek bakarrik egiten du, teilatu gainetik baino gorago: «ikusten dut ez zarela oposizioetara aurkeztu zirenetarik soziableena, agian zaren tokikoa zarelako».

Duela sei urte, eta legebiltzarrak eskatuta, Kontsumobideko zuzendari karguari utzi behar izan zion Greavesek Eroski eta Fagorren ekarpen subordinatuen iruzurraren kasuan egindako adierezpenengatik. Orain, edozein irakasleri espedientea zabaltzeko moduko jarreraz, haren esku dago administrazioaren praktika okerrak argitzea.

Peruarrak galoiak izango ditu, baina berak bostehun urteko eskola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.