Gazte asko ibiltzen dira Palman oinezkoak geldiarazten, beren GKE-etan izena eman dezagun propaganda egiten. Normalean saihesten ditut, baina atzo horietako baten galderei erantzun nien. Buruz ikasitako diskurtso mekanikoa entzun nion —Ukrainako gerra oso behartu txertatu zuen errezitalean, baita zenbait topiko ere—, gosez hiltzear dagoen haur baten deskribapena egin zidan arte. Gaiz aldatzeko, nonbait ibili ote den boluntario galdetu nion eta baietz erantzun zidan, baina ez zen zer herrialdetan aritu den esateko gauza izan. Ezin izan zuen herrialde bakar bat aipatu. Agerian geratu zen gaztea gezurretan ari zela. Merkatu-estrategia aldatzeko gomendioa eginen nioke erakunde horri.
Neskak gezurra esan zidan ziria sartzeko beharrik ez zuenean, ez baita zertan munduan zehar ibili egoera larrian dauden herrialdeei elkartasuna erakusteko. Ez dakit zer erakutsi nahi izan didan, baina agerian utzi dit ez zekiela oso ongi zertan den elkartasuna: elkarrekiko konpromisoa pobretutako zona batean asteak, hilabeteak edo urteak ematetik haratago dago. Munduan gertatzen diren bidegabekerien kausak ezabatzeko ekintzetan parte hartzeko, ez da nahitaezko urruneko kontinente bateko aparteko herrixka batera joatea.
GKE batzuek —ez naiz guztiez ari, inondik inora— elkartasunaren merkantilizaziora jotzen dute, eta kontsumorako produktua balitz bezala saltzen digute —saiatu, behintzat, egiten dira—, lau sosen truke gazteak kontratatuta maiz funtsik ez duen mezua emateko, gure erruduntasun sentimendura joz, ezabatu, hobetu edo goitik behera aldarazi nahi diren egoeren gaineko informazio zehatza eta fidagarria eman beharrean. Hondamendiaren irudia erakusten digute sufrimenduaren abiapuntuan sartu gabe; zaila izaten da egoera bat ezabatzen, hobetzen edo goitik behera aldarazten haraino iristeko eragin duten alderdietan esku hartu gabe.
Ez nuen GKE hartan izena eman.
LARREPETIT
Elkartasun-saltzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu