Joan den astean bukatu zen Foro Soziala. Fede oneko, helburu duineko jende eskuzabalak hamar urtez eutsi duen plataforma. Ezin, ordea, foroaren aurrekariaren aurrekari izan zen Elkarri plataforman pentsatu eta porrotaren eta iruzurraren arteko sentsaziorik gabe bizi.
Sintesi handi bat eginda eta ekologiarekin lotura zuen gatazka batetik, ezker abertzaletik zetozen norbanako batzuek zuzendu zuten Elkarri, oinarrizko kristauen parte-hartze handiarekin eta ezkerreko bakezalez osatua bereziki. Bi lan ildo izan zituen: garaile eta garaiturik gabeko bakea eta erabakitze eskubidearen defentsa. Euskal pilota dokumentalean, Patxi Lopezek inoiz entzun diodan ideia inteligente bakarra bota zuen: Elkarri zela «bellamente inútil» (ederki inutila). Filosofema ederra da Lopezena, baina politikoki okerra; ibilbidearen bukaeran, uneren batean sinpatiaz ikusi genuenontzat, gatazka armatuan zeuden alde guztien desmilitarizazioaren ordez, ETA bakarrik desagertu da, baina inoiz ez da hainbeste guardia zibil, polizia, foruzain eta ertzain egon Hegoaldean. Inoiz ez zaio Espainiako armadari hainbeste diru destinatu eta Francoren garaira joan behar da Bidasoko muga zelatatuan hainbeste migratzaile hildako aurkitzeko. Gainera, inoiz ez da egon, duela bizpahiru hamarkada zentrotik ezkerrera partekatzen zen erabakitze eskubidearen defentsa alderdi politikoen helburuetatik hain desagertua historia garaikidean. Beraz, bai, funtzionatu du Elkarrik, baina ez bere liderrek esaten zutenerako, baizik eta, tamalez, Estatuaren indarkeria normalizatu eta betikotzeko eta erabakitze eskubidea lurperatzeko.
Irudi luke proiektu bat bukatzen denean bukatzen delako esker ona bakarrik dela posible. Honakoan, ordea, mikrofonorik ez daukaten adin batetik gorako milaka bakezale eta demokrata porrot handi batekin geratu dira: gutxieneko programa moderatu bat hitzartu zuten eta lau puntutatik bakarra lortu eta beste hirurak inoiz lortuko ez diren konbentzimenduarekin hilko dira. Gauzak ez dira aldatzen, salbuespenetan salbuespen da indartsuenak garaitzen ez duenekoa.
LARREPETIT
Elkarri eta indarkeriaren garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu