Manex Agirre.
LARREPETIT

Ekaitza eta lagunak

2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Zinez pertsona ekintzailea (argh!) izan behar duzu eguneroko martxak asper ez zaitzan, batez ere udan, hedabide nagusietako albistegiek freskagarriak saltzeko iragarkien antz totala hartzen dutenean. Estimulu gutxi, beraz, adimenari tentsio apur bat jartzeko, ez bazara zerori bila aritzen. Baina, hara non, arratsalde sargoriaren osteko ezusteko erauntsia nola, salto egiten duen erredakzioetan notiziak, eta aztoratzen dituen bekadunak eta erdi-oporretan dauden kazetari beteranoak: Miguel Blesa bularrean tiro bat duela aurkitu dute Córdobako bere etxaldean, ehizarako prestatzen ari zela. Lehenengo hipotesien arabera, bere buruaz beste egin du.

Badago istorio baterako mamia, ze ondo. Burura datozen egoera posible ezberdinetan deserosoena, Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin bildumako Udaberri familiarra ipuinean kontatzen denaren parekoa: Zer egin zuten Blesaren lagunek (gizona beraiekin baitzegoen), polizia etorri bitartean? Irudika ditzakegu, erraz, Malagonen ipuineko emakume protagonista bezala, ama suizidatu berriaren aurrean, eserita, gorpuari begira, «triste egoteko eskubide osoarekin baino gehiago, triste egotera derrigorturik». Gure kasuan, ordea, litekeena da eszenak drama-kutsua kendu eta patetikotasunean irabaztea, gauza bat baita ama, eta beste bat baitira lagunak, lagun-minak izanik ere; eta hori, laguntasun-presuntzioa betiere errespetatuz, Blesa mugitzen zen giroan «lagun» kategoriak beste definizio bat izan dezakeela ohartuta, Rafael Chirbesek papereratutako giro-moduetatik oso urrunekorik ez baitzen egongo etxalde hartan, zetazko lepoko, txaleko garesti, gomina-distira; azken finean, tragediatik thriller-era, edo are nobela beltzera, pasatzeko helduleku nahikoa ditu notiziak, eta baita polizia-nobela salmenta ugariko aspergarri batera iristeko arrisku bizia ere, eguneroko martxaren oso antzekoa, bidenabar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.