Uztailaren zortzigarrena, horixe da niretzat etorkizuna, alegia, nire zereginen zerrendan agertzen den azken oharra. Hortik gora zientzia fikzioa datorrela esan ohi dut. Aspaldian akorduan ez daukadan norbaitek esan zidan miopiak etorkizunaren beldurra esan nahi zuela, eta beharbada nire miopia kontuak izango dira, baina ahalegintzen naiz etorkizunaren data urrunegi ez ezartzen. Horrela nagoela heldu da 2024-YR4. Asteroidea da. Mexiko Berriko Teknologia Institutuko teleskopio indartsu batekin egindako argazki batean ikusi dut. Etorkizun urruna bezain txikia da, hots, zientzia fikzioa. Lur planetarantz dator eta 2032.eko abenduaren 22an bertoko hiriren batean talka egin dezakeela uste dute. Kolpearen aukera nanoa da, %1,6, baina aizu, hor dago.
Albiste zenbait irakurri ostean jakin dut Torino eskalan 10etik 3ko mailan jarri dutela. Ez dakit hori asko edo gutxi ote den, baina Torino eskalarekin gelditu naiz. MITeko Richard P. Binzel ikerlari eta irakasleak asmatu zuen gure planetatik at datozen harri eta harritzarren arriskua neurtzeko, eta Torinon aurkeztu zuen 1999an. Eskala horrek zenbakiez gain koloreak ere baditu: zuria, berdea, horia, laranja, gorria. Hortxe arriskuaren koloreak. Originaltasun gutxi erakutsi dutela iruditu zait: larriena, gorria; arazorik ekarriko ez diguna, berriz, zuria. Koloreek eraman naute Torinora, eta bisita birtualean osteratxoa egiten ari nintzela, kaleko banku batean etxebako bat ikusi dut, lotan. Pobrezia datuak ere bilatu ditut, 2023koak dira: populazioaren %18,9 pobrezia arriskuan dago Torinon. Eta, zer inportatuko zaie, etorkizuna, oraina makur zaienei?
Ez dut agendan apuntatu.