Nekez liteke gizona txakurrago ehizan baino. Zer suma dabilelarik, berotu egiten du harrapakinaren izuak, erakutsi nahi dio nor den nagusi mugen jokoan. Ezer izatekotan, botere erakustaldia baita migrante-ehiza. Nik irizten diodanean hasiko zara hanka-jokoan eta ez duzu lorik egingo, daukazun apurra galduko duzu, seme-alabengandik bereiziko zaitut eta gutxien espero duzunean, atzeman eta espetxe ilun batean sartuko zaitut, jakizu non.
Horretan dabil Donald Trump, Kapitolioan eskua bi Bibliaren gainean zin egin zuenetik. Esaneko kristaua da, agindutakoa betetzekoa. Eta hala irudikatzen dugu ehiztaria, gizontto laranja barregarria, baina erotuta dago, hondamendira darama mundua eta gizateriak orain arte lorturiko guztia. Irudietan, polizia migranteak atxilo hartzen ospitaleetan, ikastetxeetan, non ez. «Hasi da ehiza», diote albistegietako lerroburuek.
Ehiztaria bihotz-beltz ager dakigun, ordea, ez dugu demokratak agintean egon direneko daturik emango. Urrun barik, 2022an 2,15 milioi etorkin atxilotu zituen poliziak Mexikoko mugan (Euskal Autonomia Elkarteko biztanle guztiak ia). 1,7 milioi izan ziren 2021ean. Legez kanpo sartzen direnak AEBen interesen kontra ari direla, Bidenek bota zuen Migrazio lege berria aurkeztu zuenean. Han-hemen, zenbait estatuk euren ehiza-arauak jarri zituzten indarrean: 314 legea Arizona artean demokratan, esaterako. Baina betikoa, akordatzea ahaztu!
Eta susmo gaiztoak hartu nau. Azken beltzean, ez ote dugun pailazo nazia karikaturizatuta auzia bera ere karikaturizatzen. Alegia, Trumpengan zentratua guztia, ez ote dugun desitxuratzen auzia, ez ote ditugun beste asko eta gehiago ardura larrietatik salbuesten.