LARREPETIT

Egungo gerrak (V)

Garazi Arrula Ruiz.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Pasa den astean, Mursegok kontzertu puska egin zuen Jimmy Jazzen, Gasteizen; abesti batetik besterako tartean, gogora ekarri zituen errefuxiatuentzako esparru izatetik kontzentrazio esparru izatera pasatu diren kanpalekuak. Mursegok egiten duena ez baita jolasa, edo ez hori bakarrik; jolas egiten du oso jarrera politikoan, onomatopeia, soinu eta inprobisazioen bidez, eta, hori gutxi balitz bezala, dantza eginarazten du.

Zurrumurruei buruzko kantu bat bada 100% Oion diskoan. Periodiko honetan, Andrea Ruiz Balzola antropologoak zioen estereotipoak daudela zurrumurruen oinarrian: «Estereotipoen bitartez eraikitzen dugu gure ingurua. Ezin gara kaosean eta muturreko konplexutasunean bizi. Ordea, estereotipotik aurreiritzira pasatzen garenean, egoera aldatu egiten da. Emozio bat txertatzen diogu estereotipoari, eta horrek eraman gaitzake jokabide batzuk hartzera». Egiturazko arazo batez ari baikara, eta gurean kate oso baten emaitza baizik ez da ikusgarri. Hemen hasi eta hemen bukatzen den katea.

Orain jakin dugu EBk ez duela erreskaterako ontzirik bidaliko Mediterraneora, «behin-behinean». Ane Irazabalek esan izan du iheslarien drama kronifikazio egoeran dagoela, ez larrialdi egoeran: kezkatik ahanztura kronikorako bidean. Belaunaldi oso bat galtzen ari gara, eskolara joan ezinik baitaude harrapaturik milaka ume, familiak hautsirik, gizatasunaz gabeturik. XXI. mendeko mundu gerra da; hain zuzen, hileta-martxa eginen dute bihar Gasteizko kaleetan, itsasoan hil diren (hiltzen ari dira, oraintxe) migratzaileen oroimenez. Tarteko katebegi horiek.

Gaztelan, 1502. urtean, Errege-Erregina Katolikoen pragmatika argitaratu zen; horrek mudejarrak hautatzera behartzen zituen: bataioaren bidea hartu ala migrazioaren alde egin. Milurteko erdi pasatu den honetan, gauza batzuk zer gutxi aldatu diren. Orain beste bat da fedea, beste bat jainkoa, beste bat arrazoia. Aldiz, hautatzeko aukeraren ilusioak hutsaren hurrengo izaten segitzen du, baita migratzaileentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.