Manex Agirre.
LARREPETIT

Egun on, Foronda

2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Kezkaz ikusi dut, euskararen kale-erabileraren neurketen emaitzen aurrean, hizkuntza-politikaren arduradun zenbait emaitzen irakurketa homeopatiko samarra egiten, edo, zuzenean, datuak edo (kezkagarriagoa) datuak jasotzeko metodologia, hau da, neurketaren izaera bera, erlatibizatzen. Ez baitira onak, datuak; inori ez zaio eskapatzen hori, eta, ados, ez da kontua apokalipsiaren turutak jotzea, baina badirudi emaitza kezkagarrien ondorio zuzena dela neurketaren nolakotasuna beharrik ez dagoenean aipatzea. Eta hori ez da oso jarrera zientifikoa. Susmo bat dakar: emaitzak ez balira horren kezkagarriak, neurketari kasurik ez egin, eta emaitzei erreparatuko geniekeela, besterik gabe.

Erremediorik gabeko baikorra izaki, ez duzue hemen irakurriko agonia-itxurako iruzkinik. Aurreranzko ihesik gabeko hiru pentsamendu inozo, besterik ez:

Baga: Gero eta gehiago amorrarazten naute euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nabarmendu, eta listo, horretan geratzen diren analisiek. Iruditzen zait mezu horrek hiztunengan ez duela jada balio komunikatiborik, are gutxiago pedagogikorik. Gehiago hitz egin behar genuke hizkuntzaren bizi-indarraz (non dago horren neurgailua, indizea?). Eta oraindik gehiago hiztunon bizi-indarraz (gauza bera dira, ezta?).

Biga: Kale neurketaren datuak txarrak dira. Eta halako datuek tentsioan jartzen naute. Atezuan. Urduri. Baina ez dut neure burua lasaitzeko beharrik sentitzen. Piztu egiten naute.

Eta higa: askotan ikusten dut, goizetan, lanera bidean, hegazkinen bat Forondako aireporturako lurreratze-maniobrak egiten. Eta burura datorkit: euskara ez da Bilbon (bakarrik) salbatuko. Euskara salbatuko da hegazkin horren pilotu espainiarrak, Forondan lurreratu behar duenean, Heathrown lurreratu behar duenean bezala, bere buruari kontrol-dorrearekin zein hizkuntzatan egin behar duen gogorarazi behar dionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.