Denis Mukwegek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 2018. urtean. Bortxatutako emakumeekin egindako lana aitortu zioten; izan ere, gizon horrek Kongon emakumeek pairatzen duten indarkeria lakarrasendatzen, samurtzen eta laguntzen lan eskerga egiten du. Mehatxatua eta erbesteratua, Kongoko emakumeek eskatuta itzuli zen. Seme-alabak, baina, kanpoan bizi dira. Normala, emakume bati Kongon pasa dakiokeena ikusita, alabak urrun nahi izatea. 2014an bortxatua izandako hemezortzi hilabeteko neskatila heldu zitzaien hilzorian; hortik aurrera, 10 urtetik behera heltzen zaizkien emakumeen kopurua haziz joan da; dagoeneko %6 da. Kasurik latzena, zazpi hilabeteko neskatila bat. Zazpi hilabete, bai. Kongon bortxaketa suntsiketa arma bilakatu da. Ez dira ohiko bortxaketak, bortxatzeaz gain txikitzea ere helburu dute. Hots, zauri sakon eta larriekin heltzen direla osasun guneetara emakumetako asko. Kongon tradizioak oraindik ere indarra du, eta bortxatutako emakumeek ondo ederto dakite zer den arbuioa eta herritik alde egin behar izatea. Nazio Batuen Erakundeak uste du urtero, gutxienez, 400.000 bortxaketa egiten dela. Orduko 48. Bortxaketa horietako asko, gehienak ez esatearren, militarrek egindakoak dira. 2018an Nazio Batuen Erakundeak txosten potoloa kaleratu zuen: bortxaketak, indarkeria basatia, bular mozketak, kanibalismoa... erasotzaileetako askok baginak eta klitoriak gerra opari gisa eramaten zituzten. Denis Mukwegekahoan legarrikgabe esaten du bere gobernua ere erantzule dela, konplizea.
Bai, ez da gabon gauerako gairik goxoena. Agian zuri ere oka egiteko gogoa sortu dizu honek. Gaur ere gure burbuilan afalduko dut, senitarteko artean, tartean, bi urte dituen neskatila batekin. Gure bizitza inperfektu hauen erosotasunean, gu ere ez baikara salbu emakume izaki, baina, behintzat, Kongoko emakume horiek baino bizimodu ziurragoan. Leku batzuetan egun denak dira takarrak.

LARREPETIT
Eguberri on
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu