Ander Perez Argote
LARREPETIT

Egotea

2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Torino zuen izena urteetan Iruñeko Gazteluko plazako kantoian kokatu zen kafetegiak. Diotenez, hango terrazan orduak ematen zituen Hemingwayk sanferminetara zetorrenean, 1950eko hamarkadan. Festa: eguzkia jaikitzen da nobelan ere aipatu zuen taberna, Milano izena erabilita, ez dakit nahita edo despistez. 1971n itxi zuten, eta bitan erdibitu zuten jabeek lokala. Erdi batean Windsor taberna ireki zuten gerora. Bestean, Nafarroako Aurrezki Kutxa eta apustu etxe bat izan dira, eta, iazko urtarriletik, Laba elkartea.

Erdigunea konkistatzeko bokazioz egin zuen Labak Gazteluko plazarako bidea. Edo, nahi bada, euskara iruindar eta, batez ere, pamplonica guztien muturretan jartzeko. Sinbolismotik bazuen apustuak, baina bazen kontu fisiko bat ere: euskarari eta euskal kulturari eskainitako gune bat, non eta hiriko plaza zentralean. Gogoan dut ikusgarritasuna zela hasieran gehien ibiltzen ziren ideietako bat.

Ikusgarritasun hori mugatua egon da urte eta erdiz, aldameneko Windsor tabernak eskubiderik gabe okupatu duelako Labari zegokion terraza, lokala bera estaliz. Epaitegietatik pasatu eta gero, Labari terraza zegokiola ebatzi zuen auzitegiak duela zenbait. Iruñeko Udalak ez du ebazpena bete, eta azkenean, Nafarroako Gobernuak agindu dio Maiaren gobernuari epaia bete dezan. Labak, azkenean, terraza izanen du.

Eta iduri lezake kontu txiki bat, zortzi mahai, hogeita hamabi aulki. Baina badu bestelako esanahi praktiko bat ere, hiriari irekita, eta ez arkupe baten itzaletan, egoteko jaio zen zerbaitentzat.

Euskararen alde egoteko baino, euskaraz egiteko premisarekin sortu zen Laba. Garrantzitsua da euskararen bandera astintzeaz harago euskara praktikan jartzea. Baina egon ere egon behar da. Espazioa hartzea ez baita gauza txikia ukatzen zaionarentzat; desagerrarazi nahi zaituen inguru batean ez da gutxi egotea bera ere. Agian, noizbait, Gazteluko plazako terraza batean euskaraz entzuten zela idatziko du idazle batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.