Ingelesa eta alemana lehenetsi zituzten erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako baten gainetik; haiek ez zuten nahi, baina egoera soziolinguistikoak erabakia hartzera behartu zituen.
Gobernuak lege bihurtu zuen begi bistakoa zena: bazen denbora Erriberriko —New Village deitzen zioten bertakoek— lagun taldeak arratsaldeko bostetan biltzen zirela patxada ederrean tea pastekin hartu eta The Times egunkariko albisteen gainean solastatzeko, Oh, My God! eta What the fuck? harridurazkoak ahoskatu bitartean. Ezinbestekoa zen, hortaz, foru-administrazio publikoko langile guziek Elisabeth erregina hilezkorraren hizkuntza menperatzea, eskualdean taxuzko zerbitzua eskain zezaten. Aldi berean, lan-deialdi publikoetan Nafarroako biztanle ugariren ama hizkuntza baztertu zuten: hizkuntza aniztasuna kaltegarria ez denean baino ez da aberasgarria.
Germanofiloa zen, aldiz, Urruneko Hegoaldea. Zabaldutako estereotipoen arabera, alemanen antz handia zuten garai hartako Erriberako biztanleek, fisikoan zein izaeran: ilehoriak, garaiak, barnerakoiak eta, nolabait esateko, ez oso malguak. Topikoak topiko, kronikariek jaso zuten ez zela bratwurst gabeko otordurik egiten herrietako jaietan, Pilsner pitxerrez bustiak. Giro hartan,ez al zen arraroa alemanik gabe Nafarroa? Schumann Strasse-ko —lehengo Sarasate pasealekuko— egoitzako gobernukideek herriaren eskaria asebete zuten.
Abertzaletasunari aurre egiteko, krisi garaian bandera batean ehun mila euro gastatu zituen alkate ultranazionalista babestu zuen gobernuko alderdiak; Hezkuntza kontseilariak gure mintzaira Erriberako erakunde publikoetan ikastea eragotzi zuen, eskasia argudiatuta; egoera soziolinguistikoak behartuta, hizkuntza koofiziala arrotz bihurtzeko ahaleginak egin zituengobernuak, alemanaren eta ingelesaren alde. Dena alferrik...
(*) XXII. mendeko 'Nafarroako urtekariak' kroniketatik hartua, mandarinez jatorrizkoan.
LARREPETIT
Egoera soziolinguistikoak behartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu