Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Egitamua

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Imintzioka ziminokatu du diputatuak torturatuaren aitorpena. Sinuka aritu da, ahotsa antzerki huts. Milaka lagunen oinazeari egiten zaiola trufa? Otoi eta arren! Eskuliburuan agintzen zitzaielako salatzen ez zuten barren!

Behingoagatik Paco Etxeberria eta haren hilduratu susmagarriak bakean lagata, kalterik ez Pau Perez-Sales psikiatraren hitzak ekartzen baditugu hona: «Bada torturatu egiten duen sistema bat, funtzionatzeko inpunitatea behar duena. Eta horretarako behar dira, torturatzaileez gain: baimena ematen duena, diseinatzen duena, babesten duena eta amnistiatu egingo duena». Peritu izan da nazioarteko epaiketetan Perez-Sales, hezurren irakurle Hego Ameriketako hobietan, baina Espainiaz ari da: «Eta Polizia kidego bakoitzak bere talde berezia du zeregin horretarako».

Macarena Olonarena ikusita, biktimenganako enpatia ezaz mintza gaitezke, elkarbizitzaz, etorkizunaren zailaz. Alabaina, kontua besterik da: ebidentzia forentseak izanagatik, ukatzen segitzen da gertatua, edo areago, burlaz hartzen, gauza segurua baita Espainiako erresuman negazionismoak ez duela ondorio penalik.

Frantzian, sexu jazarpenagatik, sexu indarkeriagatik eta bortxaketagatik, 26 emakumek jarri dute salaketa Patrick Poivre d'Arvor kazetari ezagunaren kontra. Orain arte, 60k esan dute eraso egin ziela.Gehiago dira, omen. Gizona ez dago entzuteko. Hasteko, harria itzuli die horietako hamaseiri. Jujeak hala onartuz gero, laidoz aritu direlakoan epaituko dituzte salatzaileak.

Itxura batera, ez du Poivre d'Arvor estimatuak zerikusi handirik Olona zaharminduarekin. Bi kasuak, baina, ez dira arrunt apartekoak. Soilik frankismo soziologikoarena ez den diskurtsoak ukatzen duen bezala tortura, halatsu babestu izan du urteetako egitamu sozialak Poivre d'Arvorren praktika.

Horra galdera, nork mantentzen dituen, eguna joan eguna etorri, jokaera hauek ahalbidetzen dituzten horma-hezurrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.