Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Egiari zor

2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ryszdar Kapuscinski korrespontsalaren arabera, informazioa negozio zela zabaldu zenean, egiak funtsezko izateari utzi zion. Atzerriko berriemaileen eredu izan da —bada?— poloniarra. Joan den mendean, ederki eta zehatz deskribatu zituen Afrikako, Asiako eta Ameriketako estatu kolpeak, iraultzak eta gerra zibilak, gezurretan aritu gabe —horrela egitea posible baldin bada—, baina aldi berean bere pentsaera irmo erakutsita, zapalduen eta ahulenen alde beti. Urrun daude garai horiek.

Aste honetan, kazetaritza hizpide izan dute egunkari askotako artikuluetan zein irrati eta telebista saio ugaritako tertulietan, Estatuaren estoldek eta zenbait kazetarik —hala izendatzen dute beren burua— Pablo Iglesias Podemoseko buruaren kontra abiatu zuten kanpainaren harira. Bete egin dira berriro Kapuscinskiren hitzak: etekin politikoa eta enpresariala lortzeko asmotan, egia baztertu da interesen araberako informazio faltsua hedatzeko.

Ez da inondik inora horrelako manipulazio mediatikoa gertatu den lehenengo aldia, eta esanen nuke informazioaren erabilera maltzur hori ez dagokiola ideologia bakar bati —ezagutu ditugu, adibidez, politikarien eta enpresarien gainean emandako informazio baldintzatuak ekintza justifikaezinak justifikatzeko—. Gertutik ere badakigu gobernuek funts publikoaz baliatuta informazioa asmatu eta kazetarien bidez zabaltzen dutela, gezur batean oinarritutako iritzia hedatzeko; asmoa da herritarrok errazago irents ditzagun hartuko dituzten neurriak edo burutuko dituzten operazioak. Ez da horren harrigarria Ferrerasena; badira harritzekoak, ordea, Yolanda Diazen hitzak: «Espainiako demokrazian ez da sekula horrelako gertaera ezagutu, ezta munduan ere». Ministroa bizi den unibertso paraleloan ere ez.

Oso aspaldi utzi nion polemikaren saioa ikusteari. Egiari zor, tsunami informatiboetan ito ordez, nahiago dut, adibidez, Kapuscinskiren kroniketan murgildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.