Maider Galardi

Efemerideak

2024ko urriaren 17a
05:00
Entzun

Gaurko egunez duela hamahiru urte izan zen Aieteko Konferentzia. Denbora azkar doa. Hiru egun beranduago, amonaren urtebetetze eguna izan zen eta ETAk behin betiko su-etena iragarri zuela jakin genuen afari-merienda egiten ari ginela. Datorren larunbatean ospatuko dugu lehenbizikoz bera gabe. Denbora azkar doa (kanpoan). 

Ni bezalako mukizu pedante bat ez da egun haietaz jauregi zuri, gizon zahar, hiru enkaputxatu eta trenean doan lehendakari batez baino gehiagoz gogoratzen. Baina nerabe-arratoi hori heldutan ere antzeko, eta itzuli da sarri Aieteko agiria lanerako kontsultatzera. Ez naiz hau esan duen bakarra, baina ez naiz esateaz aspertuko: bost puntuetatik lehena bakarrik bete da, ETAk bere jarduera armatua etetearena —eta ondoren, desagertzearena—. Denbora azkar doa, eta prozesua mantso.

Biktima denen minen aitortzaz ari zen, besteak beste, agiria, eta azken egunotan ikusi dugu nolako ezikusia, manipulazioa eta homogeneizazioa dagoen haiekiko, hala Gasteizko kaleetan nola Madrilgo Kongresuan. La Cumbreren erabileraren gainean egin duten mintegian sumatu dugu denboraren zama haien hitzetan. 

Entzun dut egunotan presoren bat edo beste teletestuari dagoela engantxatuta zigorren metaketaren korapiloa noiz askatuko zain. Bestelakorik ezean, zutabe hau irakurtzen denerako BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean agertuko da jada agindua. Aieteko agiriak zioen ondorioei heldu behar zitzaiela, eta begira, hamahiru urtetan oraindik gai izan ez legea behar bezala aplikatzeko. Urteak azkar doaz, baina batzuek jokoan dituzte bost, zazpi, hamar… eguzki-bira, eta erlojuak ez du berdin aurrera egiten kartzela den ez-denbora horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.