Ziurrenik, badakizu, aje puntu batez harrapatuko zaitu azokaren bigarren egunak. Atzo ikasleak ibiliko ziren goizean bueltaka, adinduak arratsaldez, eta gazteak iluntze partean, parrandarako orduak zenbatzen. Gaur, unibertsitate garaiko kide silletadunak ikusiko dituzu egunez. Gauez, unibertsitate garaiko kide umegabeak. Eta, seguru-seguru, ez duzue azokako azken nobedadeez hitz egingo.
Uneren batean, stand barrutik, buelta emanda ikusiko duzu egoera. Ezberdin ikusten da dena barrutik kanpora. Eta, Landako jendez gainezka dagoela, postuetara hurbiltzerik ere ez duen masarengana zuzenduko duzu begirada. Decathlon berrietan nola, aurrez ezarritako zirkuitua osatzen ikusiko dituzu. Aspaldi ikusi gabeko lagunak behatuko dituzu elkar besarkatzen, poltsa barrukoak erakutsiko dizkiote elkarri. Eta, une batez, liburuak eta diskoak baino gehiago, eurak sentituko dituzu eskaparatean. Orduan pentsatuko duzu ez ote garen gu geu salerosten garenak, ez ote garen berredizio berri bat urtero-urtero, ez ote goazen Durangora besteen nobedadeen bila, beste ezeren bila baino.
Aspaldi da Durango azokarik gabe deklinatzen hasi ginela. «Durangorako aterako da», diogu, «aste honetan Durangon gaude», diogu, pasillo barrukoak adina betetzen gaituztelako Palentinoko elkarrizketek, Mesoi Barriko kantu afariek, ziurrenik hau eta bestea topatuko ditugula jakiteak. Geure buruaren berrafirmazioa da egun Durangoko Azoka. Herri bat bere ispiluan begira. Edo, nahiago bada, aitzakia bat, kultura baliatuta, geure buruaz hitz egiteko. Baina kultura ez al da bada hori bera?
O'Connorsetik aterata, pareko kebabean zerbait jatea proposatuko du norbaitek. Aukera ederra galdu zuten lokalari Durumgo deitzeko, esango du besteren batek. Eta oheratzeko garaia dela erabakiko dugu denok.