Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Durangoko gauza hori

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Lehenengo esaldi bat izan zen: «Esa cosa de Durango» (Durangoko gauza hori). Tira, lehenengo-lehenengoa beti izaten da hitza, edo beharbada izan zen onomatopeia bat, ez dut ondo akorduan. Neuretzat, lehendabizikoa, esaldi hori izan zen. Hor konektatu nuen. Eta nik, neure barrenerako, pentsatu nuen zer egon ote litekeen Durangon Valentzia eta Toledoko bi emakumeri hain erakargarri egiteko. Izango ote da diskoteka berri bat? Brokante bat? Zer da nik galdu dudan gauza hori? Orduan, baina, irakasleak esan zien «abenduko azoka». Eta jabetu nintzen Durangoko Azokaz ari zirela.

Aurrera egin orduko azaldu behar dizut Bilbora lanera etorri direla, ez daramatela denbora asko berton, baina apurka-apurka egokitzen ari direla. Beraz, Valentzia eta Toledoko emakume bi; bat, Durangoko azokan. «Y me saqué una foto con él» (Eta berarekin argazkia atera nuen). Gizon bat zen. Ez dut luzatuko misterioa, ez bainaiz Agatha Christie: Pello Reparaz da gizona.

Emakume biak liluratuak ditu Zetak-eko abeslariak. Oso guapoa dela esan zutela aitatu beharrik ez dago, baina hortik gora ere izan zen lorerik. Asko. Orduan, eta oraintxe dator interesgarriena, euretako batek aitortu zuen euskara ikasten hasi zela Pello Reparazek kantuetan esaten zuena ulertzeko, eta «en la 1 de la vasca» (ETB1en) egiten zuen saioan ere jarraitzen zuela. Besteari, ordura arte, burutik pasatu ere ez zitzaion egin euskara ikastearena, baina klase amaierarako bazituen euskaltegi pare bateko telefonoak eta gutxi gorabeherako prezioak. Nik atoan gogoratu nuen Joxean Sagastizabalek aspaldian idatzitako Gerturik daukagu odola umoretsua, euskaldun kopurua handitu behar horretan. Anekdotak anekdota, kontua da gugana datozen askok aurkitzen dutela arrazoirik euskara ikasteko. Eta bien bitartean badira, tamalez, euskarara hurbiltzearena aukera bezala ere ez dakusatenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.