Galaxien arteko bidaia anitz egin ohi dut—betiere auto-stopez: zamaontzi espazialetako gidarien solasaldiak pasadizo dibertigarriz josiak dira—, baina dagoeneko kosmoseko txoko interesgarriak oso ezagunak dira, oro har; hortaz, ez dago orain deus berririk kontatzerik Unibertsoaz. Derrepentean, oroitu naiz aspaldi ez dudala denboran bidaiarik egin.
Denbora-makina trastelekutik atera dut —bikotekideak badu arrazoi: handiegia da H.G. Wellsen diseinua gure apartamentu txikiegirako—, eta ipurmasailak eserlekuan kokatu ondoren, palankak gora eta behera mugitzeari ekin diot. Azken finean, Wellsen arabera, «etengabe gabiltza orainetik ihesean». Lehenaldira bidaiatu dut, beldur ematen baitit geroak. Gainera, iraganetik ikasi behar dugu akatsak ez errepikatzeko, tar-tar-tar. Hona hemen bisitan hartutako oharrak:
«2018ko Iruñera etorri naiz, gure garraiobide zaharkituak ez baitu gehiagorako ematen. Asiron da hiriko alkate —garai loriatsuak— eta ez dago jakiterik UPN zertan dabilen, ez bada salatzeko euskaraz bizi ahal izateko egindako urrats oro inposizioa dela eta Skolae programak haur-eskoletan orgiak egitea bultzatzen duela. Espainiako Gobernuak Yemengo zibilik akabatzen ez duten bonba inteligenteak saldu dizkio Saudi Arabiari. Beroa da askoren hizpide —34 gradu Nafarroan!— eta gobernuek serio diote klima aldaketa etengo dutela. ETA despeditu da, baina eskuina ez da ohartu. Milioika siriar metatzen dira errefuxiatuen kanpamentuetan eta hildako migranteak Mediterraneoan, mundua Thailandiako kobazulo batean galdutako hamabi haurrei begira dagoen bitartean». Ikaragarri ikasi dugu oker egindakoetatik.
Garai hartan orain baino askoz gazteago sentitzen nintzen, baina orduan ez nintzen horretaz ohartzen. 2018ko uztailean Castillo Suarezek hots egin zidan, eta dei horri esker —«horren erruz» esanen du irakurleak— duela lau urte abiatu nintzen gaur bukatu dudan bidaian. Izan ongi.
LARREPETIT
Duela lau urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu