Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Distantzia

2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ez naiz sekula Lekeition egon, eta egunen batean joan beharko naiz» edota «Azken hamabost urteotan ez naiz Bilbon izan», «Baiona oso urrun dago, ez?», ez dira esaldi arrotzak. Euskal herritarra gai da munduari bira parea emateko bere herriko herri eta hiriak ezagutu barik; alegia, errazago hartzen duela hegazkina autobusa edo autoa baino. Joan den larunbatean Jose Mari Pastorrek egunkari honetan kaleratutako «Bizkaia maite» artikuluak eman dit gaurkorako hizpidea. Ez dugu gure herria ezagutzen. Ezjakintasuna hain da handia «Arcangues-Frantzia» edota «Iruña de Oka- Nafarroa» idatz diezazuketela jakin barik lehenengoa Arrangoitze dela eta bigarrena, Araba. Arazo larria daukagu bizi garen hiri edo herritik mugitzeko, eta onar dezagun behingoz: gure herria txikiegia da distantziak aintzat hartzeko. Zein da biderik luzeena? Karrantzatik Tuterara dagoena? (274 km/ 3 ordu) Edo MauletikLanestosara? (320km /4 ordu).

Santanderrera doan autobidean ordainlekurik ez da; bai berriz, Donostiarakoan(Bilbo-Donostia 11 euro), edota Gasteizerakoan. Zenbat ordainleku pasatu behar dira Bilbotik Baionara heltzeko?Zenbat balio du Bilbotik Iruñera doan autobusak? 15 euro. Elkarri bizkarra emanda bizi gara, bai. Bolada batez bertoko telebista publikoak bazuen Euskal Herria airetik erakusteko saioa. Gutako askok ezagutu genuen: Larrun mendia, Bardeak, Kakoetako arroila, Otsagiko herria edota Zierbenako portua. Ez naiz konpartimentu zale gure neurriko herri batean. Egongo da Astigarragan, Biarritzen, Zizur Txikin edo Arrankudiagan zer gertatu den interesatzen ez zaionik. Niri interesatzen zait. Gero eta gehiago. Eta gero eta gutxiagotan ikusten dut gure nanotasunean dugun aniztasuna. Zatitu, zatitu eta berriz ere, zatitu txokokeriak hauspotuz. Gero, baina, ez dadin inor kontu eskean etorri herria ezagutzen ez dugula aipatzerakoan. Herrigintza gauza asko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.