Blanca Urgell

Dinosauroen txantxarra

2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Lauzpabost egunetan nahi nukeen baino harreman estuagoak izan ditut dentistarekin. Deabruzko mina. Dolore eta min ezin pairatua, Etxeberrik dioenez. Min zorrotza eta eroanezina, Kirikiñoren hitzetan. Eta buruak eman dit zer izango ote zen antzina gaurko botika, tresna eta teknikarik gabe.

Nire ezjakinean, lainotsuki, susmoa nuen hortz-haginak egunero garbitzea Estatu Batuetako higienismoaren eta pasta egiten duten enpresa alemanen kontua zela. Baina ez. Ekialde Hurbileko zibilizazioek ere zaintzen zituztelako zantzu sendoak gorde ditugu, zotzez, belar zatiz, hautsez eta pastaz zaindu ere. Mesopotamiakoa omen zotzik zaharrena, idazkeraren lehen aztarnen garaitsukoa. Egipton arak zuhaitzetik eskuila antzeko zerbait egiten zuten: haren azalak fluoruro naturala omen dauka, eta horra abantaila. Egiptoarren pare bat pasta-errezeta topatu dut, haietako bat arrautza-oskolaz, apatxaz eta mirraz egindakoa. Babilonian gaur bezala mendaduna zen nahaste bat zerabilten.

Diotenez, Paleolitoko dietak ez zuen gaur beste txantxarrik sortzen, abzesuek eta bestelako gaitzek eragin handia izan arren. Egon bazegoen, halere. Zambiako Broken Hill-en aurkitutako duela 650.000-160.000 urteko burezur baten bost hortz ez beste guztiek txantxarra daukate.

Txantxarra, nork esango, Lurraren azalean lekukoturiko eritasunik zaharrena-edo da (haginen iraupenak badu zerikusirik horretan), bai baitago Paleozoikoko arrainetan (570-250 milioi urte) zein Mesozoikoko dinosauroetan (245-65 milioi urte).

Mikrouhin erradiazio kosmikoa unibertsoa sortu zuen Big Bangaren oihartzuna balitz, baliteke tresna egokiak izanez gero haginetako minez zebiltzan dinosauroen orroak entzun ahal izatea oraindik. Ez barre egin, mesedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.