Egun hau existitzen dela jakin dudanerako utzi diot egun hau ospatzeari, baina jakin izan banu, hamabost urtetan opari bat egingo niokeen nire buruari apirilaren 24 bakoitzero. Detailetxo bat, sabelean mina duzula esan eta medikuak kasurik egin ez dizun bakoitzean. Txupito bat mina exajeratzen duzula iradokitzen dizuten aldiro. Kubata bat zure ezinegon hori antsietatea dela eta psikologora joateko proposatzen dizutenero. Eta ez naiz osasun sistemako langileez —bakarrik— ari. Hemen progre denok gaude erabateko patologizazioaren aurka eta biomedikuntzaren dispositibo biolentoez kontziente gara, baina ejem, txosten edo espezialista baten ahots autorizatu batek ezer esan arte, neurriz kanpokotzat hartu dituzue gure kexak. Gaur diagnostikorik gabeko pertsonen eguna da, eta nahiz eta gaia konplexua den eta erabateko patologizazioaren joera ere ez dudan konpartitzen, nire azalean bizi izan dut zein aringarria izan daitekeen gertatzen zaizunari izena jartzea.
Hamabost urte hilero-hilero zer gertatzen zitzaidan jakin gabe, beraz, hamabost bider hamabi berdin 180, eta bakoitzean bost egun, bizitzako 900 egun eman ditut izorratuta. Pasatu naiz osasun zentro publikoetatik, pribatuetatik, holistikoetatik. Joan naiz belar dendara, iridiologoarengana, makrobiotikoarengana. Yoga terapeutikoa egin dut eta erregresioak eta soinu terapia ere bai. Irentsi ditut onagra bolatxoak eta antisorgailuak, badaezpada, dena barrura. Liburuak irakurri ditut eta kulpa pilaz jantzi naiz: «Hori da zure feminitatearekin ez zaudela adiskidetuta», «hori da hilabete honetan prozesatu asko jan duzula», «hori da indar kirola ez duzula egiten», «hori da estresatuta zaudela». Mila bueltaren ondoren egon da norbait esan didana «hori da endometriosia duzula». Sara da, nire zoru pelbikoko fisioterapeuta, eta joan naiz bueltan osasun zentrora bere txostenarekin, begiratu naute azkenean floja bat ez banintz bezala, sinistu naute, egin dizkidate froga gehigarriak eta heldu da ginekologo baten ahotik aspaldi espero nuen hitza. Oraingoz, lehen bezala nago, baina izena dut orain.