Duela zenbait hilabete inkesta bat bidali ziguten EHUtik, masterreko ikasle izandakoon iritzia jaso nahian, oso argi gelditzen ez zen I+G+B kontu baterako. Mezuak hala zioen: «Bestalde, inkesta betez gero, aukera izango duzu Amazon-eko 25 euroko 20 bonuren zozketan esku hartzeko». Aukera itzela galdu zuten; «zuk nahi duzun liburu-dendan gastatzeko 25 euroko 20 bonu» zozketatzen ahal zuten berdin-berdin. Ez da hain fazila, ordea, eta Amazon hor da bezeroari buruhauste denak aurrezteko. Zeren kostura, hori beste kontu bat da.
Gaur 25 urte bete ditu Amazonek. Interneten zabalpenari heldurik, urtean %25 ari da hazten, 570.000 produktu ere saldu ditu egun bakarrean eta entregarik lasterrena 16 minutuan egin du. Estatu Batuetan, online eginiko gastuen erdia bereganatzen du, eta gurean ere aparretan da. Jeff Bezosen enpresa gai izan da produktu eskaintza gero eta zabalagoa lortzeko, eta orain, erosle guztion laguntzaz, joko-arauak ezartzeko gai ere bada. Makroegitura horrek ekoizleak estutzen ditu salgaiaren etekin ahalik eta handiena lortzeko, eta, bidean, zenbait erabaki politiko hartu: merkatuaren nahiz produktuaren ikusgarritasuna, helmena eta eragina, kasu batera.
Halako enpresa handiak erregulatzea konplexua izaten da maiz, eta, Elena Martinez ekonomian doktoreak dioenez, zailtasun nabariak daude bere fakturazioaren arabera bidezkoak liratekeen zerga-aitorpenak lortzeko; auzoaren bizia pobretzeaz eta sortzen dituen lanpostu prekarioez ahaztu gabe. Efizientzia, erosotasuna eta berehalakotasuna saltzen ditu Amazonek, eta guk dirutan eta datutan ordaindu.
Igual egunen batean vintage eta, beraz, salgai bihurtuko da berriz liburu-denda fisiko batean erostea, Instagramen gordetzeko moduko esperientzia bat; orain, Amazonen, esperientzia bera da Cortazarren liburu bat, zeramikazko katilu bat edo aplikazio bat erostea, guztiak baitaude sarrera beraren pean.
Amazon gure produktuez jabetu da; ez gaitezen gu haren logikaz jabetu.
LARREPETIT
Desjabetze sinbolikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu