Eneko Gorri.
LARREPETIT

Denen esku

2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Nora haize, harat aise. Iragan astean hementxe idatzitakoari kontra egitera nator gaur. Inolako ausardiarik gabe nioen herrigintzak baduela instituzioak itxoin gabe martxan jartzeko dohain ikaragarria. Bere konexio, ausardia eta erreaktibitatearekin, aktibismoak badu gure munduaren estimua. Kontraerranak kontraerran, euskararen gaian, aldiz, iduritzen zait elkartegintzak eta administrazioek konplizitate handiagoarekin jokatu behar dugula. Eta Ipar Euskal Herriaren egituratze fase horretan, bazterrean utzi behar ez den gaia da, gainera.

Argi da gaur egun kolektibitateek ez dutela aski egiten euskararen alde. Obratzen den ekintza txiki guziei buruz gainkomunikatzen da, baina emaitzak ez dira agerikoak. Inoiz baino klase elebidun gehiago irekitzen da, baina ez da aski izanen 2050ean hiztun kopurua masa kritikora igateko. Milaka hitz euskaratu da, baina horrek hizkuntza paisaia ez du nabarmen euskaldundu. Agenteak formatu dira, baina administrazioarekiko harremanak nagusiki frantsesez egiten dira. Euskararen alde zertxobait egiten den aldi guziz, zenbat gauza egiten da euskararik gabe? Eta hizkuntza politikaren aurrekontua emeki emendatzen den bitartean, ez ditugu neurtzen lurraldean berean eramandako beste politika publikoek euskarari egiten dioten kaltea (hirigintza, etxebizitza politika...).

Beraz, bai, euskalgintza eta hiztun engaiatuak beharko dira exijentzia maila gorenean atxikitzeko, administrazioarekin euskaraz aritzeko, etengabe bide berriak irekitzeko. Baina gure ingurune kritiko, autokudeatu eta militantean politikoki zuzena ez bada ere, gure lurraldean euskarak ezin du soilik euskaldun-aktibatu eta euskaltzale-ahaldunduen esku egon bakarrik. Bere irisgarritasun maila, konpetentzia eremuak eta zilegitze boterea estrategikoak dira konfidentzialtasunetik ateratzeko. Lankidetza da giltza, herriak du hitza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.