Larrepetit

Debate hutsak

UXUE APAOLAZA
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Azken egunak politika lokalari dagokionez ezin aspergarriagoak dira, edo ezin dibertigarriagoak denbora-pasa koaderno zaleentzat, lehenengo udalen inguruan, gero diputazioenean, nor nori nork betean, Araba aldean baten bat berak zer bozkatu duen oso argi azaltzen ez dakiela. Hori ona da, baina, gainera, Bilduko ordezkariak irratietako tertulietan ari dira agertzen, eta horrek Europaren gero eta antz handiagoa du. Badirudi, baina, ez gaudela horretara ohituta eta mingarriagoak diren eztabaidak behar ditugula.

Andoainen Bilduko alkateak ez die bizkartzainei sartzen uzten. Horrelako zerbait ziren titularrak, eta goizeko kafearen orduko erreakzio gaitasun nagiaz, bizkartzaina daramanaren beldurra etorri zitzaidan gogora, nik izango nukeenaz ETAk hil nahi banindu, lo, geldirik edo bakezale, ez nintzateke fidatuko. Baina gero politikariak hasten dira hizketan, bata besteaz, neurriaren larriaz, Andoain Afrikaren azken muturrean balego bezala; ezin dute hitz egin? Ba, ez. PNVk dio hitz egin behar dela babesa behar dutenekin, Perez Rubalcabak babes horixe bermatuko duela legea aldatu behar badu ere eta Bilduk atzera begiratu nahi ez zuela baizik ez, zirudienez.

Bilduko inor ea non entzungo eta tertulia batean elkartu ziren PNV, PP, PSE eta Bilduko ordezkariak; Joseba Gezuragak azaldu zuen ez zela irratian hitz egiteko kontua, baina, hala ere, argitu zuen ezin dela neurria zerbait berria bezala aurkeztu, Aralarrek ere esan du halakorik, Eusko Jaurlaritzan, diputazioetan… badirelako antzekoak. PPko ordezkari Jesus Isasik zihoen diputazioan gela bat zegoela bizkartzainentzat, alegia, kontua lan eskubideen esparrura pasatu zen; Bilduko ordezkariak onartu zuen kritika bestalde.

Azkenean, beraz, beldurra hezurretaraino bizi behar izan duenaren patuarekin hunkitu ginen, gero oihu egin, gero gauzak bere lekuan jarri eta azkenean bizkartzainek udalean egoteko gelatxo bat behar duten edo ez da debatea. Alegia, ez dago debaterik nahiz espainiar presidenteordea keinua amaitu gabe dagoen. Nik nahiago dut aspertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.