Fikzio dosi txikia. Har dezagun Terry Pratchett eta Neil Gaimanen Good Omens (Zantzu onak) kultuzko nobela gomendagarriaren abiapuntua. Luziferrek, Txerrenek, Ilunpeetako Printzeak edo dena delakoak semea gure artera igorri du mandatu argi eta zehatz batez: haurrak munduaren akabera kudeatu behar du ahalik eta modu eraginkorrenean. Honaino idazle britaniarren istorioa; eleberriaren bukaera ez zapuzteko, hemendik aurrera geure erara garaituko dugu trama: aingeru gaiztoak Euskal Herriko —Nafarroako, adibidez— eskola publiko batean matrikulatu du antikristoa. Gelan, programazioari jarraikiz, mundua suntsitzea eta bertako biztanle guziak akabatzea ez dela oso jarrera egokia erakutsi diote maisu-maistrek Satan Txikiri, eta Apokalipsia baztertzeko konbentzitu dute umea. Aita sutan jarri da, semea berea baita, eta, hortaz, administrazio publikoak ez du moralaren aurkako ideia ezkertiar horiek bere jabegoaren buruan sartzeko eskumenik —doktrinamendu hitza erabili du—. Umeari txikizioaren eta sarraskiaren onurak behar bezala erakuts dakizkiola eskatu, are gehiago, aldarrikatu egin du. «Gure etxean betidanik triskantzaren aldekoak izan gara, eta izanen gara».
Buelta errealitatera. Estatuan oraintsu zabaldu den eskola publikoan gurasoen esku hartzearen gaineko polemika ez da berria, Vox alderdiak sortu baino lehenagokoa baita. Adibidez, gurasoek erabaki zezaketen seme-alabek eskualdeko berezko hizkuntza ez ikastea, haurrei jendartean aritzeko tresna garrantzitsua kenduta. Eta Nafarroako eskuin atzerakoia behingoz zerbaitetan aitzindari izan da; Casadok eta Abascalek orain erabiltzen dituzten argudio homofobo, intolerante, baztertzaile eta gezurrez josiak lehendik adieraziak baitzituzten UPNko eta PPko ordezkariek Skolae hezkidetza programaren aurka egiteko, gordin eta zakar. Zorionez, horrelako mezuek ez dute Euskal Herriko eskola publikoetan arrakastarik izan. Ordaintzen ditugun itunpekoez, berririk ez.
LARREPETIT
Deabrua eskolan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu