Berez, ez dakit ba nik gehiegi aldatu den kontua mahatsa jan eta ondorengo minutuetan. Israelek 17 lagun hil ditu urte berri honetako aurreneko orduetan; urteko azken afaria, eta biharamunean urteko lehena eman dute Kaleko Afari Solidarioek Donostian; amonak mahaia jarri du 31n eta guztia jaso 1ean. Dena antzeko dago segundo gutxitako diferentzian. Irakurri dudanez, badira aldatuko diren gauzatxo batzuk, dena den. Adibidez, olioaren, ogiaren, arrautzen eta esnearen gaineko zerga %2tik %4ra igoko da; pastarena, berriz, %10era ailegatuko da. Argiarena %21era igoko da eta horrela beste hainbat eta hainbat gauzatan.
Zenbakiz aldatzeak, ordea, badu ilusiotik eta dena ez da txarra izango. Batzuetan, urte berriak berekin aldaketa handiak ekarri izan ditu. Esate baterako, duela 106 urte aurreneko Zeruko Argia argitaratu zen. EZLNk iraultza zapatista abiarazi zuen 1994ko lehenean, eta 1982an EITBk lehen emisioa egin zuen Urtezahar gauean, nahiz eta orain euskal telebista ez den gai bere kate guztietan euskaraz egiteko harrera urte berriari.
Gainontzekook, gure etxeetan, segitzen dugu historia txikia idazten. Nik ez dut gaur dieta berri batekin hasi nahi, ezta gogoz kontra zunban izen eman nahi ere. Ez dut neure burua presionatu nahi beldurra ematen didaten gauzak egin eta horiek gainditzeko. Baldin badator, etorriko da. Ez dut nahi jendearen urteko poza ezkondu ala ez, haurra eduki ala ez, gerentziara iritsi ala ez bezalako aldaketetatik ailegatzea eta soilik horretan oinarritzea. Ez dut zerrenda bat nahi nire bertsio onena izateko urratsak erdiesteko banan-banan. Ea kapaza naizen asmo horri behintzat heltzeko.