Partiturekiko maitasuna da musika ikasketetatik gelditzen zaidan hondar apurra. Ia dena ahazturik dut; sol klabea marrazteko abilezia, burutik joaten ez zaidan nota sorta bat, eta bizitzako atakek luzeegi jotzen dutenean, «kalderoi» esateko ohitura. Horregatik, hedabideren batean partitura bat ikusten dudanean klik egiten dut. Valse izeneko partitura agertzen zuen argazkiak, eta hemen ere klik egin nuen. «New Yorken aurkitu dute Chopinek idatzitako bals labur bat».
Argitaratu bako bat, beraz. Beilegituta eta zulatua ageri da partitura, eta, XIX. mendeko hirugarren hamarraldian AEBetara ailegatu berritan idatzi omen zuen. Fa klabea idazteko orduan Chopinek egiten zuen bezala ageri ei da. Aurkikuntza egin duen Robinson McClellan musikagileak jo zuen bere pianoan eta abduzituta geratu zen. Chopinen lanetan aditua den Jeffrey Kallberg-i bidali egin zion bere susmoak berrets zitzan. Kallberg-ek, paper probak egin ostean, izan zitekeela erantzun zion. Lang Lang piano jotzaile ezagunak jo du, minutu eta erdiko bideoa da, eta hau ere abduzituta geratu da. New Yorkeko Morgan Museo eta Liburutegiko arduradunek balekotzat jo dute, beraz, eta, nahiz eta zalantzarako zirrikitua utzi duten, Chopinen balsa da. Neuretzat, amaitu barik dagoen pieza bat da, eta beste nokturno bat izan zitekeen; baina ni ezjakin hutsa naiz kontu hauetan (ere bai), eta seguruen adituren batek esango dit astakeria galanta idatzi dudala. Esaterako, duela aste batzuk Leipzig-eko liburutegi batean sokadun hiruko batentzat, ustez, Mozartek idatzitako partitura aurkitu dute. Hor ere zalantzarako zirrikitu nanoa utzi dute.
Ez dakit… argitaratu bakoek, niri neuri, mesfidantza sortzen didate.