Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Chomsky

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zein pertsonaia ospetsu elkarrizketatu nahiko nukeen aurrez aurre galdetu zidaten behin. Nik Mario Benedetti idazlea erantzun nuen, burura etorri zitzaidan lehenengoa. Elkarrizketa egin zidanaren erantzunak erakutsi zituen muga hertsi eta ezintasunak tristatu ninduten: «Ezinezkoa da, ez da euskalduna». Urteak pasatu dira ordutik. Egun galdetuko balidate bestelakoa zatekeen erantzuna (Benedetti hilda dagoelako, batik bat), eta aukeren artean Noam Chomsky hizkuntzalari eta aktibista aipatuko nuke. Pertsona inteligenteak maite ditut. Beti pentsatzen dut eurak erantzun ditzaketela ditudan eta etengabe sortzen zaizkidan galderak. Kasualitatez jakin nuen ekainaren erdi aldera Noam Chomsky Bilbora zetorrela BBVA Fundazioak emandako sari bat jasotzera. Elkarrizketa eskatu nuen, eta zein izan zen nire sorpresa baiezkoa eman zutenean; alegia, Chomsky aurrez aurre izango nuela. Gutxiri kontatu nion, zirrara eutsi eta eutsi eman nituen egunak. Sineskeriatzat jo dezakezu, baina pentsatzen nuen esanez gero ametsa hauts bihur zitekeela. Bat agertu zitzaidan nire botilero izan nahian, baina esan nien apurretako batzuek ez zuten ezagutzen. Badakizu zer sentitzen den gauza erraldoi bat pasatu zaizula azaltzen duzunean eta besteek neurria ulertzen ez dutenean? Kazetaritzak eman diezazukeen gauzarik handiena da normalean eskuragarri ez dauden pertsona horiek ezagutzeko abagunea. Atzamarrak gurutzatuta esnatu izan naiz egunotan Chomsky-alerta azaltzearen beldur. «Ez dadila hil» erregutzen nion ezerezari; izan ere, 90 urterekin inoiz ez da jakiten noiz.

Atzo goizean elkarrizketatu behar nuen. Ostegunean, baina, ondoezik zegoela eta ez zela Europara etorriko ohartarazi ziguten. Sineskeriak, e! Nire erantzunek nork arrapostu ez dute izango. Orain nire tristuraren zuloa Stephen Hawking-en zulo beltzen pareko da, eta oraindik poza putz nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.