Iñigo Aranbarri.

Charlie gara

2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Zin egin zuen gizarteak Charlie Hebdoren kontrako atentatuak ez gintuela zapuztuko. Ororen gainetik, adierazpen askatasuna. Zantarkeria integristen ifrentzuan, balio zilarren gainean eraikitako Europa hau. Eta mundua batu zen 2015eko urtarril hartan, hiru milioi lagun kalean, hamabi kazetarien hilketa salatzeko: «Ni ere Charlienaiz». 

Horixe baita umore satirikoa hain zuzen, integrista musulmanek ulertu ez zutena Mahomaren karikaturarekin. Arte fina da fartsa, eta astapitoek ez duten dohaina ironia, gizarte hobea iristeko bidean. Horrexegatik atera dute aste honetako alean Gisele Pelicoten karikatura, ohean biluzik lo dela bortxatua eta gizon ilara zain, zakilak zut, senarra guztia mobilaz hartzen ari den artean. Non dagoen umorea? Tituluan! L’amour ouf, keinu zuzena Gilles Lelloucheren azken filmari. Amodio erao. Ez al da ona?

Algararik egin ez baduzue, hor duzue aldizkariaren azala. Nazio Batuetako soldadu baten buru moztua mahai gainean, hiru ikasle tripak bota beharrean ikasgelan. Bandera palestinarra du batek, kufija lepoan bigarrenak, ganibet odoldua hirugarrenak: «Irakasleak, Bakearen Nobel sari». Satira non eta Israeleko armada denean Nazio Batuen eskolei, aterpeei, tropei eraso egiten dabilen bakarra. Noiz eta ororen gainetik «adierazpen askatasuna» aldarrikatzen duen Frantzia jendea atxilo hartzen ari denean kufija edo palestinar bandera eramatearren, genozidioa salatzearren. Ez al da ona?

Arazo potoloa du umoreak Europan. Ez ote da progretzat dugulako begirada atzerakoia dena? Marraztuko zukeen emakume batek lehenbizikoa? Eta palestinar batek bigarrena? Uxoa Anduagaren hitzak datozkit lagungarri: «Botereak erabakitzen du zerk duen grazia». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.