Hur Gorostiaga.
Larrepetit

'Ceibe'

2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Etorri da etorri da partitzeko tenoria... dio besta bukaeran kantatu ohi dugun doinu tristeak. Irakurle maite, hau da zurekin eginen dudan azken hitz-dantza. Plazer handia izan da niretako, zinez, nahiz eta pauso bat baino gehiagotan, oina zapalduko nizun... Barkamenak beraz...

Ikasturte gogorrak jota, lehen bakantza egun batzuk Galizian pasatzen harrapatu nau azken zutabe honek. Santiagoko Alamedatik Obradoirora ibilbidea egitekoa genuen, Dia do Patria ospatzen. Baina asteazken gauean Santiagon gertatu tren ezbeharrak asmoak arrunt aldatu dizkigu.

80 hildako, 140 zauritu eta zerrenda luzatuz doa. Gertakizunak zuzenean sentitu ahal izan ditugu tokiko hedabideen bidez eta galegoen bihotz taupaden erritmoan bizi izan ditugu azken oren hauek. Zinez latza.

Lehen datuen arabera gehiegizko abiadurak atera du bidetik trena, ezaguna den bihurgune itxi batetan. Sinesgaitza da nolaz gaur egun oraino trenek ez duten abiadura arautuaren arabera abiada mugatzeko sistemarik. Egungo jendartearen isla, geroz eta fiteago, geroz eta urrunago, geroz eta zentzugabeago...

Bertan behera gelditu dira Aberri Eguneko ospakizun guztiak, manifestaldi, kontzertu, hitzaldi, kirol norgehiagoka, eztabaida eta beste. Orain dela urte batzuk Galiziako Aberri Eguna bizitzeko parada ukan nuen jada, eta orduan harrituta gelditu nintzen nola galegoek Euskal Herriko subiranotasunaren aldeko mugimendua miresten zuten. Aldi huntan, Kataluniako independentziaren aldeko borrokak bete ditu galiziar abertzaleen eleak azken egunotan Katalunia dute ipar orratz eta euskaldunei egin digute gonbidapena elgarrekin bide bera har dezagun. Bakoitzak bere aldetik jo gabe, orain bata aitzinean bakarrik utzi gabe, denak elgarrekin arrailtzen ari den Estatuko katedral zaharra lurrera bota arte. Eta Madrilekoa erortzen bada, Pariseko Notre Dame ez da urrun izanen... Aske, Lliure, Ceibe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.