Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Burdinazko kartzela

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Begia dute Katakrakeko lagunek bestelako liburuak argitara emateko. Nanni Balestriniren Den-dena nahi dugu eleberriarekin egin dutena azkena. Fernando Reyk zoragarriki itzuli duen fresko sozial ederrean, 1968 bueltan Italia iparraldeko automozio fabrika handietako lan-gatazkak dakarzkigu Balestrinik, buruz buruko borroka barik, hamaika ertz erakusten dizkiguna.

Eta Balestrinirengan ikusten du irakurleak, 1971koa da liburua, egun gurean gero eta sarriago agertzen ari zaigun kezka baten planteamendua eta soluzio proposamen bat. Baieztapen enpirikotik abiatuta (lanak hil egiten du jendea, zahartu, erabat hondatu), ahalik eta lan gutxien egitean dago gakoa. Langilea ekoizpen sistemaren gatibu, eta bizitza bakarra dugularik, ez da lana hark behar duena, astia baizik. Eta gutxieneko dirua bizitzeko.

Mende erdi behar izan dugu, eta sistema anker baten krisi-oihartzunak (AEBetan neurtu dute: orduko 20 dolar irabazten ez duen langileak ezin konpeti lezake makina batekin) Balestriniren puntu berberera heltzeko. Alegia, ezinbestekoa dela lanaren, aisiaren eta gutxieneko errenta baten arteko oreka duintasunez bizi gaitezen. Beste ertz batetik abiatuta, Finlandiako lehen ministro Sanna Marinek planteatu du: lau egun astean eta sei ordu egunean. Laster isilarazi dute. Gutxieneko Errenta Unibertsalaren edozein asmo bezalaxe. Baina hor du abisua euskaldun zintzoak: dena ez da lana.

Anartean, kapitala modu berriak hartzen ari delarik bere coach, autolaguntza liburu eta ekintzaile gazteen sustapenarekin, langileari enpresaren lema daramala sinestarazita, begi bistan ditugu sistemaren azken astinduak. Aurrerantzen ezer ez da lehen zen bezalakoa izango. Lanaren, kapitalaren eta denboraren banaketak bestelakoa beharko du hazkundearen mugak gero eta gordinago ageri dituen mundu honetan.

Hemen da Balestriniren ametsa: dagoeneko ezinbestekoa da ekoizpen hutsa ez lehenestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.