Ander Perez Argote

Bungalowa

2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aspaldiko partez, asteburu bat elkarrekin pasatzeko elkartu zarete aspaldiko lau lagun, Landetako kanpin bateko bungalowean. Garai bat eta toki bat partekatu zenuten behin. Gero, bere bidea hartu zuen bakoitzak. Ordutik, urtero edo pare bat urtean behin hitzordua egiten ahalegintzen zarete, norberaren agenda eta konpromisoek tarte bat libre uzteko bat egiten dutenean.

Elkartzerako, azkenekoan utzi zenituzten leku berean daude rolak, eta bakoitzak badaki zein den berari dagokiona. Bazkalosteko elkarrizketetan, elkar ezagutu zenuten garaian lagun zenituztenengatik galdetzen diozue elkarri, gaur egun egunerokoan inguruan duzuen jendearengatik galdetu ordez, eta hobeto ezagutzen dituzue elkarren bikote ohiak, gaur egungo bikoteak baino.

Solasean, agertuko dira Trump eta muga zergak, agertuko da gerraren aukera, agertuko dira EH Bildu eta MS, bikote harremanak, irakurritako azken liburuak, familia, parrandak eta gurasoen zahartzea, baina aurreikusi ahalko duzue zein den bakoitzaren jarrera, posizioak orain dela hamabost urte, elkar ezagutu zenutenean, finkatu bazenituzte bezala. Orduan pentsatuko duzu zuen harremana ordukoaren luzapen bat dela, denboran izoztuta geratu dena, bizitzak aurrera segitu arren.

Euripean joango da asteburua, eta, igande arratsaldean, argazki bat aterako duzue laurok, eta norbaitek komentatuko du horrela ikusi ahalko duzuela urtetik urtera nola zahartzen zareten. Gero elkar agurtuko duzue, hurrengo hitzordura arte, eta pentsatuko duzu bizitza bera dela hitzordutik hitzordura doazen tarteak, baina badirela bizitzaren marra zuzena sigi-sagan gurutzatzen duten bestelako harremanak, uhin lerro ondolatuak balira bezala dabiltzanak, batzuetan gertu eta besteetan urruti, baina inoiz erabat desagertu gabe.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.