Jakizu zer parajetan galdu ziren Lizardiren begiak Bultzi-leiotik idazteko hazkurri bila zebilela. Igaro ahala eguna zabaltzen duen trenean noala, alez ale datozkit hitzak, eta honezkero bestela ezin, Antton Valverdek dihardu nire gogoaren pianoan kantuan. Jakizu non zituen begiak gizonak, arto musker, mendi, baserri zarrak, Tolosa eta Donostia arteko nonbaitenen agi danean, oro laiño mee batek estalia, urrez oro eguzkiak yantzia, nork daki non, garrantzirik ere ba al du bada.
Edertasun min batek hartzen du dena: poetaren begiek ikusten dutena bezainbat haren hitzen gatibu geratu denaren gogoa. Badaki zertan ari den Lizardik. Oraingo paisaia-argazkilariak bezalaxe, ongi aukeratua du enkuadrea, ez da natura zikindu lezakeen ezer, eta hala, markotik kanpo utzi ditu fabrikak, errepideak, kableak, tren geltokiak, pertsonak. Oin biko bakarra, nekazari bat, gizandi bat iduri soroan zut.
Geltokiz geltoki aurrerantz goazela, eta kanpokoaz gogaiturik, leihoaz honaindi zaizkit begiak galtzen. Elkarri hitzik egiteke, loeroan asko, eguneroko zereginetara doan jendea: lanera bidean diren beharginak, ikastera hauek, medikuarengana haiek, umeren bat amarekin... Bakan batzuk baino ez doaz bultzi-leihotik begira, irakurtzen ari dira, edo beren baitara bildurik. Monotoniaren gaitzak.
Bagoi bat besterik ez da, jendea batetik bestera daramana. Eta bere horretan, mundua. Ikusi nahi izatera, behintzat. Emakumeak dira gehienak; ez dira gutxi Afrikatik, Ameriketatik, Europako azken zulotik ez oso aspaldi helduak; ez da falta adineko jenderik. Bestela esanda, zer diferente autopistako ordain-lekuan pilatzen diren autoetan bolanteari helduta ikusten duzun jende horren aldean.
Enkuadrea behartuta lortu zuen Lizardik edertasuna. Desarrollismo eroaren zer koadro idilikotatik kanpo geratu ote da jende hau guztia.

LARREPETIT
Bultzi leihotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu