Batzuetan komeni da lurrera jaitsi eta oinez zapaltzea, batez ere berrogeitaka azterketa zuzendu eta eusko-iberismoaren teoria zertan datzan hainbestetan irakurri eta gero.
Horretarako agian ez dut egunik onena aukeratu. Asteleheneko irudiak daude non-nahi: Donald Trumpen garaipenaren ofizialtzea —gehi haren emazte Melaniaren jarrera iluna— eta Elon Musken agur faxista. Onartezina. Lehen bulkada X segituan uztea izan da.
Lortu ez, ordea. Mastodonen banago, egon ere, baina oraingoz konbentzimendu eskasarekin. Blueskyn probatzea otu zait. Lehen urratsa bete, bigarrena ere bai, eta erabiltzaile izenera heldutakoan, «letrak eta puntuak bakarrik ditu» mezua agertu. Zenbakia erantsi diot neure proposamenari, baina atzera berriz: «letrak, puntuak eta zenbakiak bakarrik ditu». Mugikorraren teklatuan atzera-aurrera egin, ikur bereziren bat ipini, eta ezer ez: betiko mezua. Emoji bat ere jarri dut: ezin nintekeen gehiago umiliatu.
Stop. Lurra oinez zapaltzea eta erortzea, etsitzea eta norabidea galtzea ezin dira bat izan. Neuk Taupa bezalako ideiak ditut gustuko, ilusionagarriak. Horrek ez du esan nahi lanik egin behar ez denik, dena jai, puxika eta dantza izango dugunik. Atzo zabaldu zuen EHUk Koldo Mitxelenaren Sobre el pasado de la lengua vasca-ren euskarazko itzulpena, batik bat ikasleetan pentsatuz egina. Batzuen esanetan ezertarako balio ez duen eta bestek azkenetan ikusten duten hizkuntzan. Askok maite dugun hizkuntzan. Anitzek egunero eta gehiago erabili nahi genukeen hizkuntzan. Mitxelenak berak hain ongi, askok baino hobeki, idatzi zuen hizkuntzan. Nik aztertzen, irakurtzen, inori entzuten eta batez ere inorekin hitz egiten gozatzen dudan hizkuntzan.
King Kong vs Godzilla. Nork nahi dugu irabaztea?